Udal zerbitzuen prezio publikoak arautzen dituen ordenantza, aldatuta

Mireia Galarza Bastida 2026ko apirilaren 30a

Apirileko osoko bilkura. (Mireia Galarza Bastida)

EH Bilduk abstenitu egin zen, eta udal gobernuari leporatu zion "progresibitatea" ez aplikatzea prezio publikoen aldaketetan. Bere aldetik, EAJ eta PSE-EEk defendatu zuten prezio publikoek "oreka ekonomikoa" ere bilatu behar dutela, eta horrek azaltzen duela prezio igoeren desberdintasuna. 

Asteartean egin zuten pleno aretoan apirileko osoko bilkura, eta beste hainbat gairen artean, zerbitzuak eta jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskalaren eranskineko hainbat atal aldatzea onartu zuten. Hainbat zerbitzuren prezio publikoek, tributu izaera ez dutenez, udalbatzak ezarri edo alda ditzake, eta horixe egitea erabaki zuten astearteko hitzorduan, aldeko 11 botorekin eta 9 abstentziorekin. 

Eztabaida sortu zuen gaia izan zen. Izan ere, Garazi Olaizola EH Bilduko bozeramailearen arabera, aurten ere sentsazioa dute "ez dagoela gai horren inguruko irizpide bateraturik, ezta ikuspegi orokorrik ere". Gainera, "progresibitatea lantzeko benetako borondaterik eza" leporatu zien udal gobernuko taldeei Olaizolak. Bere esanetan, sail bakoitzak prezio igoera erabakitzean dago arazoa, horrek erakusten duelako udalak ez duela "marko politiko bateraturik". "Zerbitzu guztiak interes publikodunak direla diozue, baina bakoitzari ematen zaion tratamendua desberdina da: euskaltegiaren kasuan doakotasunera jotzen duzue, baina musika eskolan finantzaketa partekatuaren logika aplikatzen duzue, kiroldegiko prezioa kontratuaren eguneraketak baldintzatzen du baina zeharkako gastu finkoak kontutan hartuta... Hori ez da oso ondo ulertzen", leporatu zion Olaizolak udal gobernuari. Progresibitateari dagokionez, "kontu tekniko edo ekonomikoaz harago, borondate politiko kontua" dela gaineratu zuen koalizio subiranistako kideak. Horregatik, udal gobernuari galdetu zion ea prest dauden benetan horretarako. 

Galderari erantzunez, Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak hartu zuen hitza. Haren esanetan, pleno egunean bertan bidali zien Aranak posta bat EH Bilduko kideei 2027ko ordenantza fiskalak lantzen hasteko "proposamenak helarazteko eskatuz" hilabeteko epean. "2026ko ordenantza fiskalak onartu zirenean hartu genuen konpromisoa proposamenak entzuteko. Beraz, orain duzue horrenbeste eskatu duzuen zerbaitetarako aukera, baita progresibitateari buruz EH Bildu udal taldeak dituen eskaera horiek bidaltzeko parada ere, ondoren dagozkion azterketa tekniko eta ekonomikoak egin ahal izateko", gehitu zuen Aranak. Horrez gain, prezio publikoek "oreka ekonomikoa" ere bilatu behar dutela gogoratu zion Gizarte Politiketako zinegotziak Olaizolari, eta gainera, interes publikotik harago ere udal gobernuak dituen lehentasunen araberako beste irizpide batzuk ere badaudela. "Orain ikusiko dugu EH Bildu taldeak progesibitateari buruz hitz egiten duenean egiten dituen proposamen zehatzak", nabarmendu zuen. Inaxio Illarramendi PSE-EE-ko bozeramaileak ere erantzun zuen Olaizolaren galdera. Aranaren argumentuak defendatu zituen berak, eta azpimarratu zuen udaleko Sail bakoitzak behar eta kostu desberdinak dituela, eta horregatik daudela prezio igoera desberdinak. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide