Korapiloa

Norberaren eklipseak

Mireia Galarza Bastida 2026ko maiatzaren 3a

Txaponak zintzilik. (Pixabay)

Apirileko Zarautz Guka aldizkariko Korapiloa atalean Mireia Galarza Bastida kazetariak idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Hitzordu garrantzitsuak izaten ei dira eklipseak, hainbat eta hainbat lerroburu sortzen baitituzte han eta hemengo hedabideetan. Berriki irakurri dut abuztuaren 12an gertatuko dela hurrengoa, eta Euskal Herriko hego-mendebaldeko herriak ilunpean utziko dituela: Getxo (Bizkaia) eta Kaseda (Nafarroa) lerro batez lotu, eta hortik hegoaldera geratzen diren leku guztiak, hain zuzen ere. Lehenago, baina, 19:30 aldera, eguzki eklipsea izango da herrialde osoan.

Ez naiz ni gai eklipse mota bakoitzaren xehetasun zientifikoak lerro hauetan idazteko, baina bai erreparatu diot hitz horren etimologiari. Interneten arabera, grezieratik dator, zehazki, ékleipsis kontzeptutik, eta desagertu edo abandonatu hitzekin du lotura. Eguzkia ala ilargia, bietako bat desagertu egiten da gizakiaren begietara. Desagertu ala ezkutatu, hor dago gakoa.

Ezkutatzea norberaren hautua izaten da askotan, arrazoia edonolakoa izanda ere: disko bat idazteko foku publikotik aldentzea, errutinatik ihes egiteko munduaren bestalderaino bidaiatzea, ileapaintzaileak ilea moztu digun modua atsegin ez eta etxean sartuta geratzea hainbat egunez… Arrazoi asko egon daitezke norberaren sare soziala behin-behinekoz eta puntualki puskatzeko, baina egoera bestelakoa da hori ez bada norberak erabakitako zerbait.

Edozeini gerta dakioke hori. Edozein momentutan etor daiteke espero ez dugun zerbait. Espero ez dugunean etor daiteke diagnostiko bat, dei deseroso bat, istripu bat, barrutik nahiz kanpotik apur gaitzakeen zerbait… Horrelakoetan jabetzen gara ez garela ezer eta ez inor milaka argi urtetako galaxian, nahiz eta guk alderantzizkoa pentsatu. Egun batetik bestera, "agur!" esaten diogu gure argiari, eta baita gure inguruko galaxiari ere.

Esan nahi dudana da, batzuetan, inguruko argia itzaltzen doala norberak hauturik egin eta konturatu gabe, apurka-apurka, eta konturatzerako iristen dela gaua norberaren egunerokora, eguzkia noiz azalduko den jakin gabe. Beraz, kasu horietan, ezinbestekoa da argirik igortzen ez duten gorputz horien inguruan kokatu eta izar baten pare jokatzea, argitasun pixka bat elkarbanatzeko. Uste duguna baino gehiago lagun dezake horrek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide