Elkarteen danborrada sustatu zutenek emango diete hasiera San Pelaio jaiei

Aritz Mutiozabal 2026ko apirilaren 29a

Iazko San Pelaio bezperako danborrada. (Guka)

Turismo Bulegoko zuzendari ohi Ana Mari Esnali emango diote San Pelaio makila eta 2001ean helduen lehen danborradan parte hartu zuten lau elkarteerako antolatzaileek igoko dute Zarauzko bandera. 

San Pelaio jaietarako bi hilabete eskas falta direnean, Xabier Txurruka alkateak festen hasierako protagonistak nortzuk izango diren iragarri zuen atzo arratsaldean, apirileko ohiko osoko bilkuraren amaieran. Aurten, 25 urte beteko dira elkarteen lehen danborrada kalera irten zela, eta sasoi hartako antolatzaileei egingo diete aitortza.

Alde batetik, danborradak aurtengo San Pelaio makila Ana Mari Esnali emango dio, garai hartako Zarauzko Turismo Bulegoko zuzendariari, "urte luzez danborradako eta herriko festen antolakuntzan emandako laguntza eskertzeko".

Bestetik, 2001ean helduen lehen danborradan parte hartu zuten lau elkarteetako antolatzaileak omenduko ditu udalak: Arkaitz Mendi elkarteko Iñaki Olazabal Paxo, Hilario Beizama eta Pedro Mari Silvan, Zurbaran elkarteko Santi Negueruela, Urpekoak elkarteko Karlos Etxarte eta Carballeira elkarteko Jorge Asorey zena. Horiek izango dira San Pelaio bezperan Zarauzko bandera igoko dutenak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide