Ikus-entzunezkoen bidez gai sozial eta kultural desberdinak lantzeko helburuarekin, Emakumeen Mahaiak zineforum egitasmoa antolatu du. 'Jone, batzuetan' filma emango dute gaur Zarauzko Emakumeen Etxean, 18:30ean.
Filmak Joneren istorioa kontatzen du. Gaztea Bilboko Aste Nagusian zehar lehen aldiz maitemintzen da. Bitartean, etxean, aurre egin beharko dio bere aitaren gaixotasunaren aurrerapenari.
Emanaldian zeinu-hizkuntzako interpretea egongo da, egitasmoaren parte-hartzea ahalik eta irisgarriena izan dadin. Pelikularen ondoren solasaldi laburra eskainiko da, ikusitakoaren inguruan iritziak, bizipenak eta gogoetak partekatzeko.
Emakumeen Mahaiak, zinemaren bidez pentsamendu kritikoa, elkarrizketa eta komunitatea indartzeko helburuarekin, Zarauzko herritarrei zineforumera hurbiltzeko gonbita luzatu die.