Gipuzkoako Halterofilia Txapelketa Nagusia jokatu zuten larunbatean Irungo (Gipuzkoa) Uranzu pilotalekuan, eta Zarauzko kirolariek maila altua erakutsi zuten bertan. ZKE Halterofiliako hemeretzi kirolari lehiatu ziren bertan, eta emaitza onak eskuratu zituzten bai banaka bai taldeka ere.
Emakumezkoetan, 48 kiloko kategorian, Nahia Mendizabal izan zen garaile; 53 kilokoan, Lore Mendizabal nagusitu zen, eta Mara Monasteriok bigarren postua lortu zuen. 58 kiloko kategorian, Lide Mendizabalek urrea eskuratu zuen, eta 69 kilotan, Ainhoa Urkiola izan zen txapelduna. Jarraian sailkatu ziren Leire Egaña (3.), Erika Sanchez (4.), Maria Albizu (5.) eta Izei Soto (6.). 77 kiloko kategorian, Miren Galarraga gailendu zen eta Leire Urkiola bigarren izan zen.
Gizonezkoetan, 71 kiloko kategorian, Jakes Etxeberria bosgarren izan zen, eta 79 kilokoan, Imanol Citores bigarren sailkatu zen. Unai Gabinok laugarren egin zuen kategoria horretan, Jaizki Mendizabalek bosgarren, eta Joseba Tenak seigarren. 88 kiloko kategorian, Alex Balenciaga izan zen txapelduna, eta Ander Garate bigarren. 96 kiloko kategorian, Cristian Etchamendy bosgarren izan zen.
Sailkapen orokorrean ere emaitza bikainak eskuratu zituzten Zarauzko kirolariek. Emakumezkoetan, ZKEko zazpi kirolari sailkatu ziren lehen hamar postuen artean: Lide Mendizabal izan zen garaile, Lore Mendizabal bigarren, eta Miren Galarraga hirugarren. Ondoren sailkatu ziren Mara Monasterio eta Ainhoa Urkiola, eta lehen hamarren artean ere sartu ziren Erika Sanchez (7.) eta Leire Egaña (8.). Gizonezkoetan, hiru kirolari izan ziren lehen hamarren artean: Ander Garatek hirugarren postua lortu zuen, Alex Balenciaga laugarren izan zen, eta Imanol Citores seigarren.
Txapelketa hau sailkagarria izan zen maiatzaren 23an Gasteizen jokatuko duten Euskadiko Absolutu Txapelketarako, eta lehen hamar sailkatuak zuzenean eskuratu dute bertan parte hartzeko txartela. Horrez gain, Malen Monasterio nazioarteko lehian murgilduta dago: Europako Txapelketan zortzigarren postua lortu ondoren, Junior Munduko Txapelketan lehiatuko da Egipton, eta Euskadiko txapelketan ere parte hartuko du.
