Familian gozatzeko asteburu betea prestatu dute Zarautzen

Enara Ariznabarreta 2026ko apirilaren 27a

Zarautz Familia Giroan ekimenaren aurkezpena. (Zarauzko Udala)

Bosgarren urtez, Zarautz Familia Giroan egitasmoak hartuko du herria maiatzaren 1etik 3ra, eta askotariko jarduerak zein ekitaldiak izango dira hainbat txokotan.

Zarauzko herriaz familian gozatzeko aukera emateko asmoz, Zarautz Familia Giroan jaia antolatu du astebururako Zarauzko Udaleko Turismo departamentuak. Horretarako, udaleko Gizarte Zerbitzuen eta Ingurumen sailekin elkarlanean aritu dira, eta Zurekin ostalarien elkartearen, Murkil dendarien elkartearen eta Merkatua Bizirik elkartearen laguntza izan dute.

Bosgarren aldiz antolatu dute Zarautz Familia Giroan, eta asteburu guztian zehar –maiatzaren 1etik 3ra– egitarau berezia izango da. Aipatu hiru egunetan, askotariko jarduerak eta ekitaldiak izango dira herriko hainbat gunetan: bisita gidatuak, puzgarriak, erraldoiak eta buruhandiak, magia ikuskizuna, Ramona's First Evil Boyfriends musika taldearen emanaldia, sendabelarren koadernoa osatzeko tailerra, orientazio erronka, sukaldaritza tailerra eta txaranga, esaterako.

Jarduera batzuek –sendabelarren tailerrak, orientazio erronkak eta sukaldaritza tailerrak– edukiera mugatua izango dute, eta, beraz, beharrezkoa izango da aldez aurretik Turismo Bulegoan izena ematea. Horietan parte hartu nahi dutenek 943-83 09 90 telefono zenbakira deitu edo turismoa@zarautz.eus posta elektronikora idatz dezakete. Udalak familia mota guztiei egin die ekintzetan parte hartzeko eta haiez gozatzeko gonbita.

Jarduera irisgarriak

Antolatutako ekitaldi eta jardueren artean, batzuek irisgarritasun baldintzak beteko dituzte; esaterako, sendabelarren koadernoaren tailerrak eta sukaldaritza tailerrak. Udalak ekintza horiek aniztasun funtzionala duten haurren eta familien beharrei erantzuteko baliatuko ditu. Behar bereziren bat izanez gero, aldez aurretik Turismo Bulegoarekin harremanetan jartzea gomendatu dute; bihar da horretarako azken eguna. Bestalde, haurrentzako puzgarri irisgarriak kokatuko dituzte Lege Zaharren Enparantzan ostiralean, maiatzaren 1ean.

"Udaleko Turismo departamentuak gidaturiko lanketari esker, gure herria erreferente bihurtu da familia turismoaren arloan. Estrategia horren barruan, Zarautz Familia Giroan egitasmoa gure herriak familiei eskaintzen dien aukeraren erakusleiho argia da", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. "Departamentuak lan handia egin du azken urteetan herriko elkarteekin, jatetxeekin, ostatuekin eta gainontzeko eragileekin elkarlanean, herriko familien zein gugana datozenen esperientzia ahalik eta onena izan dadin", gaineratu du. Zarautz Familia Giroan egitasmoaren inguruko informazio osatuagoa jaso nahi duenak turismozarautz.eus webgunera jo dezake.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide