Asteburuan jokatu zuten Peñiscolan (Castelló, Herrialde Katalanak) Infinitri 113 Peñiscola triatloia, eta bertan izan ziren Codeam Zarauzko Triatloi Taldeko hainbat eta hainbat kide ere, 35, orotara. Guztira 1.200 parte hartzaile izan ziren bertan, eta taldekako sailkapenean, bigarrenak izan ziren zarauztarrak. Gainera, 23 urtez azpiko sailkapenean Yon Markezek hirugarren egin zuen.
Izan ziren kirolari zarauztar gehiago bertan, eta askotariko emaitzak lortuta itzuli ziren etxera. Eñaut Errazkin 19. sailkatu zen, 4:07:30ko denbora erdietsita; Jokin Lizeaga 26. izan zen, 4:11:15ko denbora lortuta; Iñigo Eizagirre, aldiz, 41. postuan helmugaratu zen, 4 ordu, 17 minutu eta 38 segundutan; 52. postua eskuratu zuen Pablo Gurrutxagak (4:21:53), eta Asier Aranak lau ordu, 23 minutu eta hamabi segundu lortuta 61. amaitu zuen proba.
Zarauzko taldeak azaldu duenez, parte hartzaile batzuentzat lehen aldia izan zen distantzia horretako triatloi batean, baina eguraldiak lagunduta, asteburu "aparta" igaro dute. Orain, berriz, kirolari guztiek Zarauzko triatloian dute jarria begirada , "ilusio handiarekin".