Zarauzko Udalak lokalak etxebizitza bihurtzeko udal ordenantza du indarrean 2010etik, 2021ean berrikusi zena. Orain, ordea, udalaz gaindiko araudi berrietara egokitzeko "beharra" du 2021ean onartutako ordenantza aldaketak, eta behar hori abiapuntu hartuta "ordenantza berrikusteko aukera aprobetxatu" du erakundeak.
Iaz egin zuen udalak Zarautzen Bizi prozesua, eta bertan aipatutako ordenantzaren inguruko hausnarketaren hainbat ondorio jaso zituen. Horiek, beste hainbat doiketa teknikorekin batera, ordenantzan txertatu dituzte eta ikusgai jarri dituzte herritarrentzat maiatzaren 8ra bitartean, udal webguneko Parte hartu atalean. Egun horretara bitartean, euren ekarpenak ere egin ditzakete herritarrek, aipaturiko Parte-hartu atalaren bidez edo hirigintza@zarautz.eus helbide elektronikora idatzita.