June Agirrezabalaga zarauztarra eta Anartz Artola hernaniarra garaile XXI. Pagoeta Mendi Lasterketan

Aiora Arriola 2026ko apirilaren 26a

Dortsal guztiak amaituta, korrikalariek gaur goizean egin dute ibilbide nagusia zein bikote mistoen proba. Irati Ortiz lezamarra era Jon Feijoo ondarrutarra gailendu dira zortzi kilometroko lasterketa mistoan.

Azken egunotan eguraldi ederra egin arren, ez dira ibilbide txukunarekin topatu lasterkariak, gune asko lokatzez beteak baitzeuden, eta oso labainkor zeuden zatietan erori egin dira batzuk. Hala ere, askorentzat hori ez da izan aurrera jarraitzeko oztopo, amaierara arte egin baitute XXI. Pagoeta Mendi Lasterketako proba.

Aurtengoan jende gehiagok hartu du parte aukeran zeuden bi ibilbideetan; 312 lasterkarik egin dute 21 kilometroko banakako proba, eta 111 bikotek 8 kilometrokoa. Lasterketa luzea June Agirrezabalaga Martija zarauztarrak eta Anartz Artola Arin hernaniarrak irabazi dute. Aldiz, bikote mistoen proban Irati Ortiz de Anda Martin lezamarra eta Jon Feijoo Garetxana ondarrutarra nagusitu dira.

Sailkapen garbia

9:30ean eman diote hasiera proba nagusikoek ibilbideari, eta hasierako kilometroetan jada Anartz Artola Arin jarri da buru. Haren atzetik zihoazen Mikel Auzmendi Aierbe eta Mikel Usandizaga Zubiaurre.

Lasterketa aurrera zihoala, ordea, hernaniarrak geroz eta distantzia gehiago atera dio bigarrenari, eta hortxe mantendu da helmugara lehena iritsiz, 1:34:04ko denborarekin. Auzmendi izan da bigarren sailkatua zortzi minutu geroago, 1:42:54ko denborarekin, baina lehia handia izan du bidean, sailkapenean hirugarren gelditu den aiarra asko gerturatu baitzaio. 1:45:35ko denbora egin du azkenean Usandizagak.

Saria etxera

Emakumezkoetan, berriz, etxean irabazi dute sailkatuek, aurreneko hirurak zarauztarrak izan baitira. June Agirrezabalaga Martija izan da garaile 2:06:28ko denborarekin, eta honek ere aurrea gogotsu hartu dio atzetik zetorrenari, zortzi minutuko aldearekin iritsi baita Sandra Rodriguez Arregi 2:14:34ko denborarekin helmugara.

Hala ere, ez du oso erraza eduki bigarren postua lortzea, hirugarren sailkatua oso pareko izan baitu ibilbidean. 2:15:00eko denborarekin iritsi da Ane Mendizabal Etxabe helmugara.

Bikote mistoetan, larri

Bikote mistoen Pagoeta Mendi Lasterketan irabazleek hasieratik lortu dute beraien postua. Probari hasiera eman bezain azkar, Irati Ortiz de Anda Martin lezamarra eta Jon Feijoo Garetxana ondarrutarra zihoazen aurretik, 0:37:41ko denborarekin helmugara iritsiz. Atzetik Nerea Urteaga eta Karlos del Pilar Meabe zumaiarrak iritsi dira 2 minutu eta 7 segunduko tartearekin. Hirugarren postua, berriz, Natalia Navascues Domínguez eta Pablo Uranga tolosarrek lortu dute, 0:40:08ko denbora eginez.

Lehen bikote zarauztarra Andere Vera Isasti eta Mikel Isasti Lizasok osatutakoa izan da.

Urteroko moduan, herritar ugari bildu da korrikalariak txalotzera eta animatzera. Era berean, ohiko hamaiketakoak ez du hutsik egin aurten ere: kroketak, txorizo egosi pintxoak, salda beroa edota kupeleko sagardoa dastatzeko aukera izan dute bertaratu diren guztiek.

Ibilbide nagusiko zein bikote mistoko sailkapen orokorra hemen klikatuta ikus daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide