Maiatzaren 8ra bitartean egin daiteke ibilgailuen gaineko zergaren ordainketa

Mireia Galarza Bastida 2026ko apirilaren 27a

Kontrara, ordainketa helbideratuta daukaten herritarrei ordainagiriak maiatzeko lehen ostiralean kobratuko zaizkie zuzenean kontu korrontetik. 

Urtero bezala, Zarauzko Udalak Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko epea zabaldu du. Helbideratu gabeko ordainagiriak posta bidez bidali ditu erakundeak zergadunek adierazitako helbideetara, eta horiek ordaintzeko azken eguna maiatzaren 8a izango da. Kontrara, ordainketa helbideratuta daukaten herritarrei ordainagiriak azken egun horretan kobratuko zaizkie zuzenean kontu korrontetik. 

Helbideratu gabeko kasuetan, udalak zerga ordaintzeko moduak gogorarazi ditu: udalaren web orrian Nire Ordainketa bidez; banketxetan, posta bidez bidalitako ordainagiriak aurkeztuta; kutxazain automatikoaren zerbitzua duten erakundeetan; eta Kale Nagusiko 29. zenbakian kokatuta dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuan. Udalak gogorarazi nahi izan du, aldi berean, borondatezko epean ordaindu ez dituzten zorrak premiazko prozeduraren bitartez ordainaraziko direla eta errekargua izango dutela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide