Urtebete pasatu da nire txoko honetan hilero artikulutxo bat idazten hasi nintzenetik. Urtebetetzeetan eskerronez agertu behar, eta Gukako kideoi, Usuari eta Aritzi gainerakoen ordezkari gisa (barka besteok, baina zuen izenak ez dakizkit, telelanak honelako egoerak sortzen ditu eta), eskerrak eman nahi dizkizuet ardura hau niri eman izanagatik. Eta zuei ere, irakurleoi, eskerrak eman nahi dizkizuet nire presentzia, nire hileroko hitzak, onartzeagatik, eta, beharbada, irakurtzeagatik. Urtemuga, eta hamaika kandela, bat artikuluko, hamaika artikulu (11 artikulu, ez makina bat artikulu) idatzi baititut iazko martxotik, abuztuan jai hartzen dugu eta. Gaurko artikulu honek, beraz, bigarren urteari hasiera ematen dio. Badut zer ospatu.
Betebehar hau onartu bezain laster egin nuen lehenengo gauza etxeko apalategira jo, eta Horazio idazle erromatarraren Ars Poetica edo Poetika delako liburua esku artean hartzea izan zen, haren bidez gutxieneko corpus teoriko batez hornitu, eta, bide batez, Horaziok ondo idazteko ematen dituen aholkuak baliatzeko.
Baserriko bizimodu lasaiaz "Beatus ille" edo "zorioneko hura" idatzi zuenak eskaintzen dituen aholkuen artetik arreta eman zidan lehenak honela dio: "Ahotik ihes egiten uzten zaion, edo itzurtzen den, hitzak ez du bueltako bidea ezagutzen". Ene! Hortaz, erne ibili behar esaten edo idazten denarekin, betiko geratu, eta hortik zehar bueltaka ibiliko baita. Atzera egin, eta proposamenari erabat uko egiteko moduko aholkua. Usuaz eta Aritzez gogoratu nintzen... eta Horazioz, negozioetatik, arduretatik, urrun bizitzean finkatzen duelako zoriontasuna.
Adorea epelduta eta apalduta, liburua ikuskatzen segi, eta hara non beste pasarte batek ere arreta eman zidan. Oraingoan, ordea, lasaitzeko moduko aholkua ematen du. Horaziok aipatu, baina Katon Maior-i, Catón el Viejo-ri, hartutako esapidea da, honela esaten duena: "Rem tene, verba sequentur"; hau da, gaia ondo finkatu, eta hitzak berez etorriko dira.
Oraindik hitzen zain nago...