A 3 el Km! taldeak antolatutako Zarauzko VIII. Herri Lasterketa maiatzaren 3an jokatuko dute, Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta. Antolatzaileek gogoratu dute parte hartu nahi duten korrikalariek oraindik izena emateko aukera dutela.
Izen ematea kirolprobak.com atarian egin daiteke, eta 12 euro balio du. Maiatzaren 1ean, 23:59etan itxiko dute online izen emateko aukera.
8,65 kilometroko ibilbidea izango da, eta herri osoari emango dio buelta. Lege Zaharren Enparantzan abiatuko da, eta leku berean izango du helmuga.
Pasa den urtean Ismail Chkhichekhek eta June Agirrezabalagak eskuratu zuten garaipena. Lehenengoak 26 minutu eta segundo bateko denborarekin, eta bigarrenak 30 minutu eta 52 segundokoarekin.