Laguntzak jasotzeko ere, prezioekin talka

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 23a

Astearteko hitzaldiko une bat. (Onintza Lete Arrieta)

Etxebizitzaz solasaldia egin zuten asteartean Gaztelekuan, Zarauzko Udalak antolatuta. Bi gai nagusi jorratu zituzten saioan: etxebizitza erostearen eta alokatzearen arteko desberdintasunaz hitz egin zuten alde batetik, eta bi aukeretarako dauden laguntzez eta zerbitzuez ere jardun zuten bestetik.

Zarauzko Udalak antolatuta, etxebizitzaz hitzaldia eman zuen asteartean Gaztelekuan Eusko Jaurlaritzaren GAZ emantzipaziorako zerbitzuko kide batek. Gazteei zuzendutako solasaldian, informazio praktikoari eman zion lehentasuna, adibide zehatzak eskainiz. Interes handiko gaia izan arren, ez zen jende askorik bildu: dozena bat herritar, gazteak denak, bat izan ezik. Emakume batek azaldu zuen, izan ere, semeari informazioa emateko helburuarekin bertaratu zela. Kopuruz gutxi izan arren, adi-adi jarraitu zituzten hizlariaren azalpenak. Bi gai nagusi jorratu zituzten: etxebizitza erostearen eta alokatzearen arteko desberdintasunez aritu ziren, eta bi aukeretarako dauden laguntzez eta zerbitzuez.

Aurrena, hizlariak entzuleei galdetu zien ea zer zuten nahiago, etxebizitza bat alokatzea ala erostea, eta erostearen alde altxatu zuten eskua gehienek. Bi aukeren arteko aldeak azaldu zituen gero, baita bakoitzaren alde onak eta txarrak zerrendatu ere. Saio osoan zehar indarrean dauden laguntza eta zerbitzuak izan zituen hizpide, eta gomendio argia egin zien gazteei: 18 urte bete orduko ematea izena Etxebiden, "antzinatasuna kontuan" hartzen duelako Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu horrek.

Zarauztarrentzat alferrik

Alokairuaren gaiari helduta, hizlariak Bizigune eta ASAP programak aipatu zituen; Bizigune hutsik dauden etxebizitzak alokairu babestuan jartzeko Eusko Jaurlaritzaren programa da, eta Alokabidek kudeatzen du osorik. ASAP, berriz, titulartasun pribatuko etxebizitza hutsak merkatuan errentarientzako arrazoizko prezioan alokagai ipintzeko programa da. Biek hainbat desberdintasun eduki arren, helburua bera da: herritarrek alokairua merkeago eskuratzea. Alokairuari dagokionez, beste gomendio bat ere eman zuen hizlariak: etxea jende gehiagorekin partekatu arren, kontratua etxe osoarena egitea, eta ez logelaka, diru laguntzak eskatzerakoan hobea baita aurreneko aukera.

Zuzeneko eta zeharkako laguntzak daudela jakinarazi zuen, eta horiek azaltzeaz gain –Gaztelagun eta Emantzipa aipatu zituen–, bakoitza jasotzeko bete beharreko baldintzak ere zerrendatu zituen hitzaldian. Hori bai, laguntzak jaso ahal izateko alokairuak gehienez zenbatekoa izan behar zuen aipatu orduko –750 euro gehienez, Zarautzen kasuan–entzun ziren aurreneko kexak: "Zarautzen ez dago prezio horietan etxerik alokairuan", esan zuen semearentzat informazio bila joan zen emakumeak. Hizlariak arrazoia eman zion, baina jakinarazi zuen maiatzetik aurrera prezioak mugatu egingo dituela Eusko Jaurlaritzak –prezio guztiak eta informazio zehatza eskuragarri dago www.gazteaukera.euskadi.eus/gbizhitza atari digitalean–.

Etxebizitza erosteko aukeraz aritu zen gero hizlaria, etxe libreen eta babestuen berri eman zien gazteei, bakoitzerako zer laguntza dauden azalduz, eta azpimarratu zuen ez dela komeni etxebizitzaren hipotekara diru sarrera osoen %40 baino gehiago bideratzea. Ikusitako aurreneko etxea ez erosteko ere esan zien gazteei, eta hipoteka aukeratu aurretik, bat baino gehiago begiratu eta horiek alderatzeko ere bai. 40 urte arteko herritarrentzat Gazteaval izeneko programa dagoela azaldu zuen aurreneko etxe erosketaren %100 finantzatu ahal izateko, baina hor ere prezio mugekin egin zuten talka zarauztarrek, 340.000 eurokoa baita topea. "Hemen bikoitza balio dute etxeek", esan zuen bakarren batek.

Hiru gazte eta nahi bat

Entzuleen artean 22 eta 23 urteko hiru lagun zeuden, eta hitzaldia interesgarria iruditu zitzaiela kontatu zioten amaieran Gukari, baina etsipen puntuarekin atera ziren saiotik, Zarautzen etxeek dituzten prezio altuengatik zaila delako indarrean dauden laguntzak jaso ahal izatea. "Nahiko genuke dauden laguntzek bat egitea Zarauzko prezioekin", esan zuten, argi. Aurrena alokairuan ikusten dute beren burua, eta Zarautzen bertan, zaila izan arren. "Ea alokairu sozialeko etxeren bat tokatzen zaigun, hori da gure esperantza", zioen batek. Izena emanda dauka, baina orain hasi da lanean, eta oraingoz itxaron egin beharko du. Baita haren lagunek ere. "Ez gara epe laburrean emantzipatuko, baina informatuta egon nahi dugu, eta zailtasunei aurre egiteko zer aukera ditugun ikusi".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide