Etxebizitzen arloan Zarautzek bizi duen egoera kritikoa salatu du Zarauzko PPk. "Salberdingo zuzkidura bizitokien erabilera irregularra bereziki larria dela, eta eskaintza faltak eta prezioen garestitzeak zarauztarrak herritik kanporatzen dituela" adierazi du, "gazteek etxebizitza eskuratzea bereziki zailduz". Nabarmendu du "etxebizitza horiek zenbateko sozialen arabera esleitzen direla, hilean 200 euro ingururen truke, etxebizitza, garajea eta trastelekua barne."
Salberdingo alokairu baten iragarkia jarri du adibide gisa Alderdi Popularrak. Dirudienez, Interneten, zehazki Wallapopen, hilean 90 euroren truke garaje-plaza bat alokatzeko iragarki bat azaldu da, "itxuraz aitortu gabea". Alderdi Popularrak azpimarratu du "gertaera hau baieztatuz gero, etxebizitza publikoen helburua indargabetzen duen egoera baten aurrean gaudela". Ez hori bakarrik, "baliabide publiko baten erabilera desegokia" izango litzatekeela eta "etxebizitza hauek beharra duten horientzat zuzenduta daudela" ere badio.
PPk hau "injustizia" gisa deskribatu du, "pertsona askok etxebizitza bat eskuratu ezin duten udalerria delako Zarautz, eta baliabide publikoez aprobetxatzen direnak ere badaudelako". Honen harira, "Eusko Jaurlaritzaren kontrol falta lotsagarria dela", eta "EAJri eta PSE-EEri kontrol-, ikuskapen- eta zehapen-mekanismoak gogortzeko" eskatu die, "etxebizitza publikoek beraien benetako eginkizuna bete dezaten".
Alderdi Popularrak adierazi du "Zarautzek ezin duela onartu, etxebizitzaren krisi betean, baliabide publikoak behar bezala ez erabiltzea eta bizilagunek alde egin behar izatea".