Igandean jokatuko dute Pagoeta mendi lasterketa

Intza Trula 2026ko apirilaren 22a

Hainbat korrikalari, iazko Pagoeta mendi lasterketan parte hartzen. (Aritz Mutiozabal)

Dortsal guztiak agortu dira aurten ere. Ibilbide luzekoek 09:30ean abiatuko dute korrikaldia Klabelinsoro kaletik; proba mistokoek, berriz, 09:45ean.

Igande honetan, hilaren 26an, jokatuko dituzte Pagoeta mendi lasterketako bi probak: luzea, alde batetik, eta bikote mistoen lasterketa, bestetik. Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuta, 21. aldia du txapelketak, eta azken edizioetan bezala, aurtengoan ere dortsal guztiak ahitu dira.

Mari Beizama antolatzaileetako batek argitu duen moduan, 375 korrikalari daude lasterketa luzean izena emanda, eta horietatik 55 emakumeak dira; proba mistoari dagokionez, 125 bikotek eman dute izena –250 pertsona izango dira guztira–.

Kontatu du, gainera, aipatu bi lasterketetan itxarote zerrenda dagoela: "Ibilbide luzeko zerrendan 44 lagun daude sartzeko zain, eta motzekoan 114 bikote daude itxarote zerrendan; hau da, ia beste lasterketa oso bat egin genezake".

Dortsalak "oso azkar" agortu badira ere, Beizamak esan du "ezinezkoa" zaiela leku gehiago eskaintzea. "Lasterketetan ezin dugu jende gehiago sartu, ibilbideak ez baitaude hainbeste pertsonarentzat prestatuta. Hori egingo bagenu, jende pilaketak gertatuko lirateke, eta inork ez du hori nahi", azpimarratu du. Haren esanetan, "lasterkari guztiak, lehiatzera zein ondo pasatzera doazenak, gustura egotea" da antolatzaileen helburu nagusia, "eta horregatik daude dortsal kopuru mugatuak".

Horretaz aparte, antolatzaileak aipatu du hitzorduan parte hartuko duten gehienak zarauztarrak direla, "eta beste asko inguruko herrietakoak". Hori horrela izanik, Gipuzkoako bizilagunek osatzen dute zerrendaren gehiengoa, nahiz eta Bizkaiko hainbat korrikalarik ere parte hartuko dutela esan duen Beizamak.

Antolatzailearen hitzetan, proba motza "oso gustuko" dute lasterkariek: "Korrika orain gutxi hasi direnentzat lasterketa oso aproposa da; nahiko ibilbide motza du, eta horrek erakargarri egiten du hasiberrientzat".

Ibilbide luzeari dagokionez, jada "errotuta" dagoen proba bat dela iritzi dio antolatzaileak, eta zehaztu du aurten ez ezik, azken hiru urteetan ere agortu direla dortsalak.

Goizean goizetik

Igandean, ibilbide luzeko parte hartzaileak 09:30ean abiatuko dira Klabelinsoro kaletik, Kikara tabernaren ondotik. Proba mistokoak ordu laurden geroago abiatuko dira, 09:45ean, leku beretik. Lehenengoek 21 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, Pagoetako gurutzera eta Murukil tontorrera igoz lehendabizi, eta Pagoetako natur parketik jaitsiz ondoren. Lasterketa mistoak zortzi kilometro izango ditu; bestearen aldean, desnibel gutxikoa da, eta zailtasun teknikorik gabea.

Hala eta guztiz ere, antolakuntzako kideek eguzkia atera aurretik hasiko dute eguna, korrikalariak iristen hasten direnerako dena prest edukitzeko. Beizamak kontatu duenez, 06:00 aldera elkartzen dira antolatzaileak zein boluntarioak, prestaketa lanekin hasteko; esaterako, arkuak muntatzen dituzte, irteera zein helmuga eremua prestatzen dute, eta anoa guneak antolatzen dituzte. Hamabi lagun inguruk osatzen dute kirol hitzorduaren antolakuntza taldea, eta horiei boluntarioak batzen zaizkie lasterketa egunean.

Dortsal banaketa

Dortsala jasotzeko aukera bi egunetan izango dute korrikalariek, Kikara tabernaren ondoan. Larunbatean, 17:00etatik 19:00etara jaso ahal izango dituzte, eta, igandean, berriz, 08:00etatik aurrera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide