Usoa Ostolazak irabazi du Eibar Hiria Sari Nagusia

Aritz Mutiozabal 2026ko apirilaren 21a

Usoa Ostolaza txirrindulari zarauztarra Eibarko helmugara sartzen. (Laboral Kutxa-Euskadi)

Ixuako igoeran erasoa jo zuen zarauztarrak eta Maite Urteagak bakarrik eutsi zion, baina helmugarako kilometro eta erdira ihes eginda lortu zuen garaipena. Iaz erorikoa izan zuen proba berean, eta aurten arantza kentzea lortu du.

Eibar Hiria Sari Nagusia irabazi zuen igandean Usoa Ostolazak, azken kilometroetan erakustaldi ederra eman ondoren. Gisa horretan, Laboral Kutxa-Euskadi txirrindulari taldeak hirugarren urtez jarraian erdietsi du Eibarko klasikoaren garaipena, taldelanaren ondoren, baina bereziki zarauztarraren ausardia eta grinari esker. Lorpen horrekin tale moreak bere hamahirugarren garaipena pilatu du aurten.

108 kilometroko ibilbidea osatu zuten igandeko proban, eta Laboral Kutxa-Euskadi hasieratik jarri zen tropelaren buruan. San Miguelerako bidean erritmoa bizkortu eta tropela murriztu egin zen, eta jaitsieran, Paula Patiño eta Idoia Eraso ihe egiten saiatu ziren. Eraso aurretik jarri zen Ixuako igoera, baina nafarra harrapatuta, Ostolazak erasoa jo zuen gailurretik 2,5 kilometro falta zirenean, eta Eulen Amenabar taldeko Maite Urteagak bakarrik eutsi zion gurpilari. Zarauztarrak helmugarako kilometro eta erdira erritmoa bizitu eta garaipena lortu zuen. Era berean, Mendiko Saria bereganatu zuen eta Laboral Kutxa-Euskadi taldekako sailkapenean nagusitu ziren.

Ostolaza oso pozik agertu zen, etxean irabaztea "berezia eta polita" dela nabarmenduz. Era berean, azken urteetan ez duela zorterik izan lasterketa honetan adierazi du, eta arantza kentzea lortu duela. "Iaz, helmugatik lau kilometroren faltan eroriko bat izan nuen aldapan behera. Aurten, eguraldi ona izan dugu, eta asko gozatu dugu etxeko errepideetan lehiatzen eta nire izena bide bazterretan entzuten. Taldeak sekulako lana egin du lasterketaren hasieratik, eta taldearen lan on horri esker lortu dugu garaipena. Gainera, bakarrik iristean gozatzeko aukera ematen dizu".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide