Oinarrizko produktuen bilketa egingo dute aste honetan Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Ostiralean eta larunbatean egingo dute bilketa Zarautzen, eta ostiralera bitarte zenbait ikastetxeetan ere egongo dira.
Hain justu ere, ostiralean eta larunbatean 17:00etatik 19:30era egongo da produktuak uzteko mahaia Lege Zaharren Enparantzan; larunbatean, berriz, 09:00etatik 13:00etara izango da ordutegia, Lege Zaharren Enparantzan zein Eroski handian. Ikastetxeei dagokienez, ostiralera arte, egunero, Salbatore Mitxelena Ikastolan, Oteitza Lizeo Politeknikoan eta Lizardi Institutuan bilduko dituzte produktuak.
Kubaren egoera "oso larria" dela diote bilketaren antolatzaileek, eta egoera hori “iraultzaz geroztik” Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Kubaren aurka izan duten politika "isolazionista eta kriminalen ondorioa" dela salatu dute: "Azken urteetan biziagotu egin du blokeoa Donald Trumpek, baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere. Trump presidente faxistaren genozidio saiakera da hau".
Egoera "larriari" aurre egiteko helburuarekin antolatu dute aipatu bilketa, eta bertan produktu zehatz batzuk bildu nahi dituztela argitu dute: osasun materiala (botikak, tresna medikoak eta baliabide kirurgikoak, eskularruak eta preserbatiboak), higiene materiala (konpresak, toailatxoak nahiz haurrentzako eta helduentzako pixoihalak), garbiketarako (materiala erratzak, oihalak, eskutrapuak, biberoiak garbitzekoak...), elikadura-osagarriak (bitaminak, mineralak, gantz-azidoak eta probiotikoak), elikagai ez galkorrak (2027ko urtarriletik aurrera iraungiko diren latako jakiak, pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak) kirol materiala (baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta kirolerako arropa nahiz oinetakoak) eta ikas materiala (arkatzak, boligrafoak, koloretako margoak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak…), kasurako.
Horrez aparte, plaka fotovoltaikoetarako diru ekarpena egiteko aukera ere zabaldu du EHKSk. Horretarako, Euskadi-Kubak kontu korronte batera egin daiteke ekarpena, baina EHKSren bilketa postuetan ere izango da ekarpena diruz egiteko aukera.