Realak Espainiako Kopako finala irabazi du Atletico Madrilen aurka, eta festa lehertu zen atzokoan Sevillan, baina baita Zarautzen ere. Jendetza bildu zen Zelai Ondo auzoan adin guztietako realzaleentzako ondu zuten gunean, eta bertan jarri zuten pantaila erraldoian jarraitu zuten emozioz beteta talde txuri-urdinaren garaipen historikoa.
Etxeko egongela atzean utzi, eta taldean gozatzeko gogoz elkartu ziren auzoko futbol pistan lagun kuadrillak, familiak eta hainbat herritar. Denboraldi ezberdinetako Realaren elastikoak soinean, bufandak eskuan nahiz lepoan eta Anoetako harmailetan abesten diren animo kantuak ere ez ziren falta izan. Erosotasunari lehentasuna emate aldera, zenbaitzuk aulki tolesgarriak ere eraman zituzten, baina gehienek zutik ikusi zuten norgehiagoka zaletu fidelak bezala.
Bina bukatu zen partida, eta penaltietan erabaki zen finala, non Unai Marrero atezainaren geldiketak erabakigarriak izan ziren lorpena erdiesteko. Norgehiagoka hasi bezain pronto Reala aurretik jarri zen markagailuan Barrenetxearean golari esker, baina hamar 19 minutu ondoren Lookmanek lortu zuen berdinketa Atleticorentzat. Txuru-urdinek atsedenaldi baino lehen 2-1ekoa lortu zuten, Oiartzabalek penalti bidez. Bigarren zatian, ordea, Julian Alvarezek egundoko gola sartu zuen partida amaitzeko 7 minuturen faltan. Luzapeneko denboran aukerak izan zituzten bi taldeek, baina 2-2koarekin iritsi ziren penaltietara.
Emozioz eta sufrikarioz bizi izan zituzten Zelai Ondon penaltietako txandak. Zaletuek golak baliran ospatu zituen Marreroren geldiketak, eta arantzatxoa Oskarssonek utzi zuen, huts egin zuen bakarra izan zelako. Azken jaurtiketan, Marinek Mussoren atea zulatu zuenean, festa lehertu zen. Ongi merezitako Espainiako Kopa irabazi zuen, laugarren aldiz, eta pozarren ospatu zuten herritarren. Suziriak ere bota zituzten.
Bestetik, asteburuan Sevillan izan diren eskualdeko realzaleei egindako elkarrizketekin zein hango giroarekin osatutako bideoa argitaratuko du gaur Gukak.