Urola Kostan aldi baterako kontratuak ugaritzen ari direla salatu du Etxebizitza Sindikatuak

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 19a

Artxiboko irudian, etxebizitza turistikoaren kartela.

Aldi baterako alokairuak "geroz eta ohikoagoak" direla ikusita, Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak kontratu mota horiek erabiltzea "legez kanpokoa" dela salatu du, eta egoera horretan dauden herritarrei laguntza eskaini die.

Eskualdean aldi baterako alokairu kontratuak "geroz eta ohikoagoak" direla salatu du Urola Kostako Etxebizitza Sindikatuak. Hain justu, Idealistan eskaintzen direnen "ia erdiak" mota horretakoak direla nabarmendu du, horietako "asko iruzurrezkoak" izanik.

"Jabe askok irabaziak maximizatzeko erabiltzen dituzte aldi baterako alokairu kontratuak: ikasturtean zehar bederatzi hilabetez alokatzen dituzte etxeak, udan turismora bideratzen dituzte, eta, irailean, berriz alokatzean, nahieran igotzen dituzte prezioak", jarri dute adibide gisa.

Lehen bizitoki diren etxeetan, ordea, aldi baterako kontratuak erabiltzea "legez kanpokoa" dela salatu du sindikatuak. Izan ere, kasu horietan, kontratuek "gutxienez bost urterako" izan behar dutela azaldu du. "Etxejabeak, hori jakinda ere, maizterren beharraz aprobetxatzen dira, eta legeak eskaintzen dien babesik gabe uzten dituzte".

Sindikatuan mota horretako zenbait egoeraren berri izan dutela jakinarazi dute, eta herritarren kasua ere hori bada, edo arazo hori duen norbait ezagutzen badute, sindikatuarekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Horretarako, 633 349 418 zenbakira deitu edo esindikatua.urolakosta@gmail.com helbidera idatzi daiteke.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide