Zabaldu dute 2025eko errenta aitorpena egiteko epea, eta Zarauzko Udalak eta UEMAk aitorpena euskaraz egiteko deia egin diete herritar guztiei. Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzean edo aitorpena online egitean euskara aukeratzera animatu nahi dituzte, baita aitorpena Ogasuneko bulegoetan egiteko asmoa izanez gero, bertako langileari adierazteko ere.
Aurten, euskararen aldeko hautuak saria izango du: aitorpena euskaraz egiten duten zarauztarren artean bi lagunentzako bina otordu zozkatuko ditu udalak. Zozketan parte hartzeko, galdetegi digital bat bete behar da edo, nahi izatekotan, Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia 29) inprimaki bera paperean erantzun daiteke; uztailaren 6a arte izango da horretarako aukera. Zozketa uztailaren erdi aldera egingo dute.