Bizikidetza eta ongizate emozionala lantzeko topaketak, Zarautz Herri Zaintzailearen eskutik

Mireia Galarza Bastida 2026ko apirilaren 18a

Adineko bi pertsona. (Artxiboa)

Lehen saioa apirilaren 22an egingo dute, 17:30etik 19:30era, Etxezabalan, Adimen emozionala eta lidergoa familian izenburupean. Topaketa horretan emozioak ulertu eta kudeatzeko gakoak landuko dituzte, bai familian eta bai komunitatean.

Zarauzko Udalak topaketa-ziklo berria jarriko du martxan datozen asteetan, Zarautz Herri Hezitzailea egitasmoaren barruan. Saioak familiei eta herriko hezkuntza-komunitate osoari zuzenduta daude, eta helburua da "bizikidetza eta ongizate emozionala lantzeko elkargune bat sortzea". Zehazki, saioetan hainbat gai jorratuko dituzte: adimen emozionala, komunikazio ahalduntzailea, autoestimua, gatazken kudeaketa, mugak errespetuz ezartzea eta berdinen arteko indarkeriaren zein ziberjazarpenaren prebentzioa.

Lehen saioa apirilaren 22an egingo dute, 17:30etik 19:30era, Etxezabalan, Adimen emozionala eta lidergoa familian izenburupean. Topaketa horretan emozioak ulertu eta kudeatzeko gakoak landuko dituzte, bai familian eta bai komunitatean. Horretarako, "enpatia, autokontzientzia emozionala eta autorregulazioa bezalako gaitasunak izango dituzte hizpide". Hemen eman daiteke izena.

Saioak Bitar-Bask-ek, Eusko Bitartekaritza Elkarteak, gidatuko ditu. Bertako kideak bizikidetzan, ongizate emozionalean eta gizartearen parte hartzean espezializatuta daude, eta esperientzia "zabala" dute familiei, ikastetxeei eta komunitateei zuzendutako programak garatzen. Topaketak izaera komunitarioa eta parte hartzailea ere izango dutela gehitu du udalak. Horregatik, familiek ez ezik, haur eta nerabeen heziketan interesa duen edonork parte hartu ahal izango du. Helburua da herriko ikastetxe, adin eta errealitate desberdinetako pertsonak elkartzea, elkarrizketa eta esperientzien trukea sustatuz, "hezkuntza herri osoaren ardura partekatua dela ulertzeko". 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide