Hurrengo asteazkenean, apirilak 22, Aitatxo dokumentala ikusgai izango da Modelo Aretoan, 18:00etan. Dokumentalak seme edo alaba baten galeraren dolua azaltzen du aitaren begiradatik. Zehazki, bizipen horretatik igaro behar izan duten lau aiten testigantzen bitartez, dokumentalak aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Bakoitzak egoera honi nola aurre egin dion azaltzen dute dokumentalean, "gizarteak duen genero begirada apurtuz, amak gutxietsi gabe, aitei hitza emanez horrelako egoeren aurrean, eta aldi berean, esperantza mezu bat zabalduz".
Emanaldiaren ondoren, solasaldia ere izango da gaian sakontzeko, dokumentaleko sortzaileekin batera. Beraz, bertaratzen direnek galderak egiteko eta euren ikuspegiak partekatzeko aukera izango dute. Udalak antolatu du ekintza, Berdintasun sailetik, haren helburuetako bat baita "gizonak sentsibilizatzea eta inplikatzea, emakumeek jasaten duten diskriminazioarekin bukatzeko". Eta zera gehitu dute: "Beraiek ere pairatzen dituzte matxismoaren ondorioak eta dokumental hau horren eredu da".
Ekitaldia irekia eta doakoa izango da publikoarentzat, aforoa bete arte. Emanaldia euskaraz izango da eta gaztelaniazko azpitituluak izango ditu.