Espainiako Kopako finala jokatuko du Realak bihar, larunbata, Atletico Madrilen kontra, Sevillako (Espainia) La Cartuja zelaian. Hitzordu garrantzitsua izango da, eta horregatik, herritarrak hasiak dira beren babesa adierazten Gipuzkoako futbol talde nagusiari.
Kalean balkoietara begiratzea nahikoa da han eta hemen banderola zuri-urdinak ikusteko. ZKEko futbol saileko kirolari askok eta askok ere babesa adierazi nahi izan diote Realari, eta entrenamendu nahiz partidetan ateratako argazkiak zintzilikatu dituzte euren sare sozialetan horretarako.
Zelai Ondon, festa
Bihar Zelai Ondon jarriko dute partida ikusteko pantaila erraldoia. Aurretik, baina, festa giroan murgiltzeko jarduerak izango dira, hala nola haurrentzako txokoa, DJ saioa, txaranga eta argazkien gunea. Haurren txokoa 17:30ean zabalduko dute, eta ordu berean hasiko da DJen emanaldia ere. Era berean, herrian zehar txaranga ibiliko da 17:30etik 19:30era, baina gero Zelai Ondora joko dute haiek ere, herritarrek partida elkarrekin ikusteko aukera izango duten gunera, hain justu.