Erretratua

Idoia Malo: "Ez sinestekoak dira urtero irekiera egunean sortzen diren ilarak"

Intza Trula, Gorka Eizagirre eta Urtzi Oteiza 2025eko apirilaren 11

Apirilaren16tik 21era izango da aurtengo Garagardo Azoka. Aste Santuko hitzordurik arrakastatsuenetakoak, zarauztarrak ez ezik, inguruko herrietako jendea ere erakartzen du. Antolakuntzako kidea da Idoia Malo. Apirileko Zarautz Guka aldizkarian argitaratutako erretratua da honakoa.

Hltzear da Aste Santua, eta harekin Azoka ere. Aurtengoa Munoako karparen ateak zabalduko dituzten 22. aldia izango da, eta urtero bezala, mota askotako garagardoa eta sabela betetzeko janari aukera zabala eskainiko dituzte. Hori gutxi ez balitz bezala, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera ere egongo da azokan, makina bat musikari igoko baitira hango oholtzara, bertaratzen direnen bihotzak doinuz alaitzeko eta lagunarteko giroa sustatzeko xedez.

Apirilaren 16tik 21era izango da aurtengo Garagardo Azoka, eta sei egun horietan guztia behar bezala joan dadin, lantalde handia ariko da buru-belarri. Boluntario horietako bat da Idoia Malo, eta harekin batera jardungo dute klubeko jokalariek, entrenatzaileek eta zuzendaritzako kideek, baita gurasoek ere. Malok urteak daramatza Zarautz Rugby Taldean laguntzen, eta urteak daramatza Garagardo Azokaren antolakuntza taldean ere.

Haren esanetan, sei eguneko azokak hainbat hilabetetako lana du atzetik: "Gutxi gorabehera, urtarrilean hasten gara prestaketa lanekin, eta pixkanaka-pixkanaka hasten gara eskaerak egiten, lantaldeak eratzen eta boluntarioak biltzen".

Aitzindarietako bat

Azken urteetan boluntario lanean aritu bada ere, aspaldi batu zen Malo elkartera; izan ere, emakumeen errugbi taldeko jokalaria izan zen duela hiru hamarkada baino gehiago, eta taldea desegin ondoren, zuzendaritzako kide izatera pasatu zen. Urte haiek maitasun handiz gogoratzen ditu, eta hitz bakar batean laburbildu ditu: "Politak".

Talde haren ibilbidea amaitu zenetik, Zarautzen ez da emakumeen beste errugbi talderik egon, eta kirol horretan jardun nahi izan duten zarauztarrek beste herri batzuetako taldeetara joan behar izan dute. Orain, ordea, emakumeen errugbia indartzeko eta taldea sortzeko saiakerak egiten ari da Zarautz Rugby Taldea. "Neskek erreferenteak behar dituzte", egin du azpimarra Malok.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide