'Nerabezaroa eta osasun emozionala' izeneko hitzaldi zikloa antolatu dute datozen asteetarako

Intza Trula 2026ko apirilaren 19a

Bi nerabeen hankak.

Garaia osasunerako sustapen elkarteko eta Hondarribiko Elikaeskola zentroko kideek eskainiko dituzte hitzaldiak. Lau hitzaldik osatuko dute zikloa, eta horiek apirilaren 21etik 30era izango dira.

Nerabezaroan sor daitezkeen erronka emozional eta sozialei aurre egiten laguntzeko asmoz, Nerabezaroa eta osasun emozionala hitzaldi zikloa antolatu du Zarauzko Udalak. Garaia osasunerako sustapen elkartearekin eta Hondarribiko Elikaeskola zentroarekin elkarlanean prestatu dute egitaraua, eta hitzaldiak datozen bi asteetan izango dira, hilaren 21etik 30era.

Lau hitzaldi entzuteko aukera izango da guztira egun horietan, gazteen ongizatea sustatzeko eta familiei zein hezitzaileei tresna praktikoak eskaintzeko helburuarekin. Saio guztiak Antoniano aretoan izango dira, 18:00etan hasita, eta doako sarrerarekin.

Edonork har dezake parte, izan guraso, nerabe, hezitzaile... Parte hartzaileek egunerokoan aplikatzeko baliabideak eskuratzeko aukera izango dute, nerabeen ongizate emozionala indartzeko. Hala, udalak herritarrak gonbidatu ditu ekimen honetan parte hartzera.

Ondorengoak dira hitzaldiak eta bakoitzaren datak:

Apirilak 21, asteartea. Garai berriak… erronka berriak hitzaldia. Aldaketa fisiko eta psikologikoak, nortasunaren eraikuntza eta emozioen bizipena eta aldakorrak landuko dituzte.

Apirilak 23, osteguna. Substantziarik gabeko adikzioak hitzaldia. Apustuak, bideo-jokoak eta sare sozialak; arriskuak eta prebentzio-estrategiak landuko dituzte

Apirilak 29, asteazkena. Elikadura, mitoak eta gorputz aniztasuna hitzaldia. Dietei buruzko uste okerrez, gorputz guztien balioaz eta elikaduraren eta osasun mentalaren arteko loturaz hitz egingo dute.

Apirilak 30, osteguna. Ongizate emozionala hitzaldia. Bertan landuko dute zer den osasun emozionala, antsietatea, tristura eta presio soziala gaur egun, eta emozioen kudeaketa osasuntsua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide