Otsaileko astelehen arratsalde bat da, otsailaren 23koa zehazki, baina ikasturteko beste edozein astelehen arratsalde izan daiteke. 19:30ak jotzeko minutu batzuen faltan, ilundu berri du Zarautzen, eta Lapurdi kaleko haur parkea, duela minutu batzuk leporaino beteta zegoena, guztiz hustu da. Errepidearen bestaldean dago Imanol Urbieta musika eskola, eta inguruan mugimendu handirik nabaritzen ez den arren, barruan argia ikus daiteke. Atea zeharkatuta, hutsik daude korridoreak, baina ez gelak. Eskaileretan gora, barreak sumatzen dira bigarren solairuko gela batean. Juan Pardo, Izei Lasa, Unax Esnaola, Mikel Agirrezabala, Markel Ugarte, Mateo Larraza eta Unai Benitez dira, baita Iñigo Isasti irakaslea ere; Jon Urien falta da gaurkoan, kale egin du.
17 eta 24 urte artean dituzte, eta musika eskolako konbo edo taldeetako bat dira. Konbo inklusiboa dela esan daiteke, aniztasun funtzionala baitute kideetako batzuek. Musika eskolako ikasleak izandakoak dira denak, baina, gaur egun, konboa da haietako gehienak musika eskolara lotzen dituena, dagoeneko aparteko eskolarik ez dutelako hartzen. Astelehen arratsaldero elkartzen dira entseatzeko, eta nabari da euren artean giro ezin hobea dutela.
Irakasleari adar pixka bat joz hasi dute saioa, hark, ezpainetatik irribarrerik kendu gabe, ordena pixka bat jartzeko saiakera egin duen bitartean. Bakoitza bere lekuan jarri da, eta Isastik zer jo nahi duten galdetu die ikasleei. Rosendoren Maneras de vivir jotzea hitzartu dute; izan ere, Esnaolak kantatzeko gogoa du. Bateriaren paren duen aulkitxotik altxatu eta mikrofonoa hartu du Esnaolak. "Kantatzea gustatzen zaio, baina ez bakarrik", esan du irakasleak. Barre egin du Esnaolak. Isastik eta biek mikrofono bana hartu dute eskuetan, eta Maneras de vivir jo dute taldean.
Presiorik gabe
Hura bukatutakoan, "orain zer?", galdetu die irakasleak. Zalantzan egon dira, baina, azkenean, Neil Diamonden Sweet Caroline interpretatzea erabaki dute. Dena eman dute, eta bikaina izan da. Halakoxe giroa dute taldean, eta asterokoa dute hori. Gustura joaten dira musika eskolara, hala esan dute. "Tarte batez ikasketak eta bestelako kezkak albo batera uzteko aukera ematen digu hona etortzeak, eta oso ondo pasatzen dugu", adierazi dute gazteek. Nola ez, musika gustuko dute guztiek, horrek batzen ditu. "Gutako batzuek beste musika talde batzuetan-eta jotzen dute, baina talde hau desberdina da", ziurtatu dute. "Lasai jarduten gara hemen, inolako presiorik gabe jotzen dugu, eta giro onean; egia esan, eskertu egiten da astea horrela hastea". Musika eskolako hormetatik kanpora ere irteten dira taldean. Urtean behin behintzat jotzen dute herritarren aurrean, baina horrek baino gehiago betetzen ditu astelehenero elkartzeak.
Isastirekin hirugarren urtea dute gehienek, baina ez denek; aldatuz doaz taldekideak. Unai Benitez, esaterako, ikasturte honetako fitxaketa dute. "Lehen Markel Urkirik jotzen zuen bonbardinoa, baina aurten ez datorkio ongi astelehen arratsaldeetan etortzea eta Unai hasi da etortzen", azaldu du Isastik. Pena du Urkirik, baina 19 urterekin Batxilergoko bigarren maila egiten ari da, eta ezin denera iritsi. Bonbardinoko eskoletara joaten da, Isasti irakasle duela, baina aurten konbora joateari utzi egin behar izan dio.
Aniztasun funtzionala du Urkirik; zehazki, Charcot Marie Tooth izeneko gaixotasun arraro bat. "Okertzen doan gaixotasun bat da", adierazi du gazteak: "Nire giharrak indarra galduz doaz pixkanaka. 9 bat urtera arte oinez ibiltzen nintzen, baina, harrezkero, gurpil aulkian ibiltzen naiz". Hori, baina, ez du oztopo izan musika ikasten jarraitzeko.
Umetan hasi zen musika eskolan, "8-9 bat urterekin". Etxetik datorkio zaletasuna. "Aita musikazalea eta musikaria izan da beti, eta pentsatzen dut beregandik etorriko zaidala zaletasuna". Beste ikasle guztiak bezala, solfeo ikasten hasi zen aurrena, eta handik urte batzuetara, musika tresna aukeratu zuen; tronboia, hain zuzen ere. "Zehazki ez dakit zergatik aukeratu nuen tronboia, pentsatzen dut gustatzen zitzaidalako izango zela".
Oztopoak gaindituz
Hasieran, ez zuen arazorik musika tresna hori jotzeko, baina gaixotasunak aurrera egin ahala, bai. "Eskuetako indarra galdu ahala, geroz eta zailtasun handiagoak nituen tronboia jotzeko. Tronboiak bara moduko bat izaten du denbora guztian aurrera eta atzera mugitu behar izaten dena, eta horrek eskatzen du besoa denbora guztian tentsioan izatea. Horrek asko nekarazten ninduen, eta iritsi zen une bat tronboia ondo jo ezin nuena".
Isasti zuen irakasle orduan, eta hark gomendatu zion beste musika tresna batzuk probatzea. Kasu egin zion, bonbardinoa probatu zuen, eta ikusi zuen hobeto zetorkiola. Halaxe, bonbardinoari heltzea erabaki zuen. "Bonbardinoak hiru botoi dauzka eta horiek sakatuz jotzen da, baina ez du eskatzen besoa denbora guztian tentsioan izaterik", azaldu du Urkirik. Egokitzapen txiki bat besterik ez zuen behar izan bonbardinoa behar bezala jo ahal izateko, eta horretan ere Isastik lagundu zion. "Hobeto iritsi ahal izateko, hiru botoietako bat pixka bat luzeagoa jarri zidan Iñigok; horrela, arazorik gabe jo dezaket", ziurtatu du. "Nik ez dut hatzekin jotzen, eskuarekin jotzen dut, esku-azpiarekin, nolabait azaltzearren; beraz, eskua motzagoa izango banu bezala denez, botoi bat luzeagoa daukat hobeto iritsi ahal izateko".
Aitortu du, tronboia jo ezinik gelditu zenean, hasieran "amorru pixka bat" sentitu zuela, baina berehala gainditu zuen, beste hainbat oztopo gainditu behar izan dituen modu berean. "Gainera, egia esateko, bi musika tresnen artean ez dago mila alde, eta erraz egokitu nintzen". Eta nola egokitu ere; duela pare bat urtetik Zarauzko Musika Bandako kide ere bada, eta ez du emanaldi bat galtzen.
Urkirik, orain arteko ibilbidean, ezinbesteko bidelaguna izan du Isasti. Gaztearen hitzetan, "sekulako zortea" izan du hura bezalako irakasle bat izanda. "Sortu izan zaidan edozein zailtasunen aurrean, beti egon da laguntzeko prest; berari behin baino gehiagotan esan izan diodan moduan, gehiegi eta guzti". Eta beretzat bezala, behar bereziak dituzten gainontzeko musika ikasleentzat ere bai. "Behar bereziak ditugun gazteok aparteko sentsibilitatearekin tratatzen gaitu, gaitasun hori dauka, eta ziur asko horregatik ibiliko gara behar bereziak ditugun horrenbeste gazte bere inguruan".
Bere buruari meritua kendu nahian bezala edo, aniztasun funtzionala duten gazteekin jarduteko titulazio berezirik ez duela esanez hasi da Isasti. "Gertatzen dena da ondo moldatzen naizela beraiekin eta inguruan pilatzen joan zaizkidala". Imanol Urbieta musika eskolan musikoterapia eskaintzen dute, baina Isastik aipatu dituen gazte horiek guztiak ohiko saioetara joaten dira, ez musikoterapia saioetara.
Benetako inklusioa
Egun erdiz jarduten du musika eskolan Isastik, eta konboaz gain, hogei bat ikasle ditu. "Horien artean, behar bereziak dituzten hainbat ikasle ditut: 12-13 urteko neska bat, autismoa duten pare bat, pixka bat bereziak diren beste batzuk... Bakoitzak bere mailan, denek dute musika ikasteko eta musikaz gozatzeko gaitasuna, eta ni saiatzen naizena da bakoitzaren mailara egokitzen, bakoitzak ahal duena eman dezan". Adibide bat jarri du: "12-13 urteko neskato horrek arazo handi samarrak ditu, baina gai da nota luzeak-eta jotzeko; bada, nota luzeak jotzen ditugu".
Ekitaldiren bat antolatzen ari direla, kalean emanaldiren bat edo kalejiraren bat egin behar dutela, Isasti beti akordatzen da haietaz; beti kontatzen du haiekin. "Nire helburua da joaten diren lekura joaten direla beraiek seguru eta babestuta sentitzea, bat gehiago direla sentitzea; ez beste inor baino gehiago direla, baina ezta gutxiago ere".
Isasti ez da lehia zalea, ez da norgehiagoka zalea, eta uste du musika hortik kanpora kokatzen den zerbait dela. "Nazkatuta nago askotan kirolaren bueltan-eta sortzen den giro horrekin, eta iruditzen zait musikak beste aukera batzuk ematen dituela". Gainera, zalantza bat jarri du mahai gainean: "Egia da aniztasun funtzionala dutenek geroz eta jarduera gehiago egiteko aukera dutela, eta oso ondo iruditzen zait hori, baina inklusioaren izenpean egiten diren jarduera horietako asko egokituak izaten dira, eta behar bereziak dituztenei zuzenduak. Hori inklusioa al da?". Haren iritziz, "benetako inklusioa" astelehenetako konboa da: "Konboko kideek eurek ez dakite zeinen eskertuta nagoen. Txalogarria iruditzen zait behar bereziak dituzten taldekideak horrela onartzea, berdinetik berdinera tratatzea. Hobeto jo daitekeela? Noski baietz, baina han geuretzat jotzen dugu, ez beste inorentzat. Gazte horiek eredu dira".
