Klima aldaketa ukatzen duten batzuena ergelkeria izango da beharbada. Trump bezalakoena, zinismoa. Izan ere, bakarka jokatzen ari zarenean zeure buruari tranpak egitea tontakeria izan daiteke, baina besteei trumpak egitea kabroikeria da, eta gai honetan are gehiago. Ez dirudi jende horrek mugarik daukanik, ordea.
Bitartean, gainean gauzkan bolatxoa izerditan urtzen sumatzen dugu, beroak arnasa estututa, haserre orroka…
Munduaren irudi hori buruan dabilkidala, nekazari hitzaren zentzu lehena etorri zait gogora. Nekazaria (nekezalea) nekatzen duena da, lurra nekatzen duena. Lurrak erresistentzia egiten du, zaila da lantzea, basoak espazioa berreskuratzen du kontra egiten ez bazaio, belar txar deitzen ditugunek azkar irabazten dute lekua…
Nekazaria, jakina, bera ere nekatzen da; laborariak labratu egiten baitu, alegia, laboratu, lan egin. Aspaldikoa da kondena…
Narrazio ezagun baten arabera, emakumeak eta gizonak baratzearen erdian zegoen arbolatik jan ondoren, Jainko Jaunak zigortu egin zituen. Areago, Jainkoak lurra madarikatu eta gizonari esaten dio: "Madarikatua lurra zure erruz! Nekearen nekez aterako diozu janaria zeure bizitzako egun guztietan. Sasia eta laharra emango dizkizu, basalandarez elikatu beharko duzu. Zeure bekokiko izerdiz jango duzu ogia, lurrera itzuli arte, handik izan zara hartua eta: hautsa zara eta hautsera itzuliko zara".
Ondo daki nekazariak ipuin horretan dagoen egia, kopetako izerdiarekin erauzten baitio jatena lurrari. Egunak badoatzi egunen ondotik, baina horretan ez direla joaten iduri hargatik; lehen eta orain, gutxi-asko, nekatu egin behar.
Lurrari, berriz, nago ez ote zaion lehen ez bezalako neke bat sumatzen (izerditan urtzen, arnasa larri, haserre orroka…), eta ez preseski nekazari txikien jardunagatik. Ez ote den hasi nekazariak goldearekin iraultzen zuen lurra gure zabarkeriaren kontra mugitu eta iraultzen…
Trumpetan ari diren zinikoek onartu nahi ez, halere, gizakirik gabeko lurrik izan daitekeela, baina ez lurrik gabeko gizakirik.