Azkenean Zelai Ondon jarriko dute Realaren finala ikusteko pantaila erraldoia

Aitziber Arzallus 2026ko apirilaren 16a

Realeko zaleak, bufandak astitzen, Anoetan. (Reala)

Hasiera batean pantaila erraldoia Lege Zaharren Enparantzan jartzekoak ziren, baina azkenean Zelai Ondon jarriko dute. Partidaren aurretik, 17:30ean hasita, festa giroan murgiltzeko jarduerak izango dira han bertan.

Realak eta Atletico Madrilek Espainiako Kopako finala jokatuko dute larunbatean, Sevillan (21:00), eta zarauztarrek partida pantaila handian ikusteko aukera izango dute herrian bertan, udalaren ekimenez. Hasiera batean Lege Zaharren Enparantzan ziren pantaila erraldoia jartzekoa, baina atzo jakinarazi zuten azkenean Zelai Ondo auzoan jarriko dutela.

Partidaren aurretik, festa giroan murgiltzeko jarduerak izango dira han ere, hala nola haurrentzako txokoa, DJ saioa, txaranga eta argazkien gunea. Haurren txokoa 17:30ean zabalduko dute, eta ordu berean hasiko da DJen emanaldia ere. Era berean, herrian zehar txaranga ibiliko da 17:30etik 19:30era, baina gero Zelai Ondora joko dute haiek ere, herritarrek partida elkarrekin ikusteko aukera izango duten gunera, hain justu.

Alkatea, Sevillara

Ziurrenera zale asko elkartuko da Zelai Ondon, baina ez dira izango denak; izan ere, zarauztar asko eta asko Sevillara bertara joango dira finala bertatik bertara ikustera. Eta han izango da Xabier Txurruka alkatea ere, baina Realak gonbidatuta hura. Klub txuri-urdinak Gipuzkoako 88 alkateei egin die Sevillara joateko gonbidapena, tartean baita Zarauzkoari ere, eta joatea erabaki du Txurrukak, eskualdeko alkate gehientsuenek egin duten modu berean. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide