Astebururako eguraldi txarra iragarri dute, eta, hori dela eta, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.aren kirol erronka erakustaldia ostiralera aurreratu dute. Hain zuzen ere, marka saiakera egingo du egun horretan, Lege Zaharren Enparantzan, herritarren aurrean. Horretarako, aiarrak 100 kiloko harri esferikoa 50 aldiz altxatu beharko du, baita hamar kanaerdiko moztu eta bost kilometro korrika egin ere, 100 metroko zintan.
Kirol ekitaldia 17:30ean hasiko da, Ainitze Zumeta eta Xuban Zumeta Xumeta harri jasotzaileen erakustaldiarekin, hain justu. Ordu laurden geroago, Izeta VI.ak hartuko du lekukoa, erronkari ekiteko. Aiarra, ordea, ez da bakarrik izango plazan. Izan ere, Lierni Osak ere marka saiakera egiteko aprobetxatuko du hitzordua. Zarauztarrak, hain zuzen, 63 kiloko harri esferikoa hamar minutuko txandan gelditu gabe altxatu beharko du helburua betetzeko.
Herri kirol ikuskizunaz ez ezik, gerturatzen direnek Izer eta Alabierren erromeriaz eta parrillan egindako pintxoez gozatzeko aukera ere izango dute, 21:00ak arte.