58 taldek parte hartuko dute aurtengo Play-Eruak futbol txapelketan

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 9a

Play-Eruak futbol txapelketako partida bat. (Onintza Lete Arrieta)

Larunbat arratsaldean jokatuko dute Play-Eruak hondartzako futbol txapelketa. Aurtengo edizioan guztira 58 taldek eman dute izena. Harrera 15:00etan zabalduko dute, eta 16:30ean hasiko dira partidak.

Larunbat honetan jokatuko dute Play-Eruak futbol txapelketaren seigarren edizioa, Zarauzko hondartzan. Hitzordua DBHko gaxtetxoei zuzenduta dago, eta lehiakortasunaz harago, lagunarteko giroa sortzea izango da txapelketaren helburu nagusia. Aurten guztira 58 taldek eman dute izena.

Aurtengoan txapelketa larunbat arratsaldean jokatuko dute soilik, marea dela eta. Dena den, datorren urterako ohikoa den bi eguneko formatua berreskuratzeko asmoa du antolakuntzak.

Gainerako edizioetan bezala, jokalari bakoitzak olio botila, dilista paketea, edota sardina edo atun lata eraman beharko dute kuota modura. Bildutako guztia Zarauzko Elikagai Bankuari helaraziko diote; horregatik, jokalariak ez ezik, janaria eman nahi duen herritar oro animatu dute elikagaiak ematera. Horrez gain, jokalari bakoitzak bi kamiseta ezberdin ere eraman beharko ditu. 

Hala, harrera eguerdiko 15:00ak eta 15:30ak artean egingo dute, eta talde bakoitzeko ordezkariak bertatik igaro beharko du txapelketara etorri direla ziurtatzeko. Bi harrera gune egongo dira: bata DBH 1-2ko ikasleentzat, eta bestea DBH 3-4koentzat. Behin harrera eginda, beroketa saio orokor bat egingo dute jokalari guztiek, eta 16:30ak aldera hasiko dira norgehiagokak. Partiden artean, gainera, jana eta edariak banatuko zazkie parte hartzaileei indarrak berreskuratzeko.

Neurketek hamar minutuko bi zati izango dituzte. Hala ere, denbora horretan partida berdinketan amaituko balitz, hiru penalti botako lituzke talde bakoitzak, irabazle bat ebazteko. Txapelketan, gainera, plaieroetako kamisetak eta poltsak ere salduko dituzte. Horrez aparte, partiden zuzeneko emankizunak eta elkarrizketak ere egingo dituzte bigarren postu batean, Arraio irratiko kideek.

Azkenik, txokolate beroa hartzeko banatuko dituzten edalontziak ezin izango dira hondartzara jaitsi, izan ere, gune markatutak ezarriko dituzte jateko eta edateko, hondartza guztiz garbia mantentzeko helburuarekin. Bestalde, parte hartzaileen artean hainbat sari zozketatuko dituzte, besteak beste, afariak, izozkiak edota beste kirol batzuetarako –halterofilia, arrauna ala surfa– ikasketa saioak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide