Apirilaren 23an estreinatuko dute 'Piztiak' telesaila

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 2a

'Piztiak' telesailaren fotograma bat. (Ospel Films)

Apirilaren 23an estreinatuko dute telesaila EITBren Primeran plataforman, Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek zuzendutako eta Urrestillan grabatutako lana da. Eskualdeko aktore ugarik parte hartu dute, eta Iraia Elias zarauztarra eta Iñigo Aranbarri azkoitiarra dira protagonistak. Azpeitian, berriz, apirilaren 26an telesaila Soreasuko pantaila handian ikusteko eta zuzendariekin hitz egiteko aukera izango da.

Gertu da Urrestillako bi baserritan grabatutako eta Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek zuzendutako Piztiak telesailaren estreinaldia: apirilaren 23an estreinatuko da EITBren Primeran plataforman. Gaztañaga aktore eta sortzaile zestoarraren ideia batetik abiatutako lana da.

Eskualdean grabatuta izateaz gainera, Urola Kosta eskualdeko aktore ugarik parte hartu dute: Iraia Elias zarauztarra eta Iñigo Aranbarri azkoitiarrak dira protagonistak. Horiez gainera, besteak beste, aktore lanetan jardun dute Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala azpeitiarrek, Sambou Diaby zumaiarrak, Ainhoa Alberdi zarauztarrak, Miren Nogales, Nara Aiala, Kaiet Korta, Nora Naranjo, Lorea Alberdi eta Juan Alberto Gaztañaga zestoarrek. Telesailerako musika sortu dutenak ere eskualdekoak dira, Eñaut Gaztañaga eta Alejo Orbegozo zestoarrak. Azpeitiko Ospel Films ekoiztetxeak ekoitzi du telesaila, EITBren sortzaile berrien deialdiko diru laguntzari esker. 

Piztiak telesailean errealismo magikoa, ironia, komedia beltza eta krudeltasuna aurkituko ditu ikusleak. Istorioa baserri batean kokatzen da, eta fikzioa eta garai bateko istorioak uztartuko dituzte. Ikusgai dago telesailaren trailerra.

Azpeitian, apirilaren 26an

Telesailaren estreinaldia eta gero, apirilaren 26an Piztiak telesailaren hainbat kapitulu proiektatuko dituzte Azpeitiko Soreasu antzokko pantaila handian, Kulturaz kultur kooperatibak antolatuta. Telesaila ikusteaz gainera, zuzendariekin hitz egiteko aukera izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide