Espainiako Kopako finala pantaila handian ikusi ahal izango da Lege Zaharren Enparantzan

Intza Trula 2026ko apirilaren 4a

Realeko zaleak, bufandak astitzen, Anoetan. (Reala)

Realak eta Atletico Madrilek apirilaren 18an, 21:00etan, jokatuko dute Espainiako Kopako finala, Sevillan. Partida zuzenean emateaz gain, argazkien txokoa, haurrentzako puzgarriak eta DJ saioa ere egongo direla aurreratu dute Eusko Jaurlaritzak eta Zarauzko Udalak.

Eusko Jaurlaritzaren eta Zarauzko Udalaren ekimenez, Espainiako Kopako finala ikusteko pantaila erraldoia jarriko dute herrian, Lege Zaharren Enparantzan. Apirilaren 18an, 21:00etan, dute Realak eta Atletico Madrilek hitzordu handia, Sevillako (Espainia) La Cartuja zelaian. Gipuzkoako beste hainbat herrietan bezala, Zarautzen ere partida zuzenean ikusteko pantaila handia jarriko dute.

Aurreratu dutenez, gainera, partidaren aurretik ere izango dira festa giroan sartzen joateko jarduerak: haurrentzako puzgarriak, DJ saioa eta argazkien txokoa ere jarriko dituzte, esaterako. Jolas horien irekiera 17:30 aldera izango da, eta partida ordura arte egongo dira zabalik; 21:00 aldera arte, alegia.

Goizane Alvarez Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu duenez, ekimen honen helburua da "amaiera historiko baten emozioa lurraldeko hainbat udalerritara eramatea, eta jardunaldi hau modu partekatuan, irekian eta hurbilean bizitzea". Ildo horretatik, gaineratu du Sevillara joan ezin duten herritarrei finala "sentitzeko, ospatzeko eta bizitzeko" aukera eman nahi diela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide