Oier Aranzabalek zuzendutako 'Ainguratuak' soinu fikzioa estreinatu du EITB taldeak

Maddi Txintxurreta 2026ko apirilaren 2a

Oier Aranzabal.

Artxipielagoa fikziozko podcastaren spin-off-a estreinatu du EITB taldeak, Ainguratuak. Artxipielagoa bezala, Oier Aranzabal zarauztarrak zuzendu du lan berria.

Zarauzko Oier Aranzabal sortzaileak zuzendutako Ainguratuak fikziozko podcasta estreinatu du Guau plataforman EITB taldeak, duela bost urte sortu zuten Artxipielagoa istorioaren spin-off-a. Orioko Xabier eta Martin Etxeberria anaiek idatzi dute proiektu berria, eta ondoko aktoreen ahotsak entzun daitezke podcastean, besteak beste: Ane Gabarain, Miren Gaztañaga, Angela Lopez Naomi Mendizabal, Kepa Errasti, Itziar Atienza, Jon Olivares, Mikel Losada, Egoitz Lasa eta Asier Sota.

Hiru denboralditan, 2103. urteko mundu distopiko batera eraman du entzulea Artxipielagoa podcastak: hiru olatu erraldoiren eraginez, Europa ia osoa urpean geratzen da eta Euskal Artxipelagoa sortu. Bada, istorio horren aurretik gertatutakoaren berri ematera dator Ainguratuak, eta oraingoan, hiru emakumek izandako profezia baten bueltan harrapatuko ditu entzuleak. Aieruak du izena podcast berriaren lehenengo atalak, eta entzungai dago jadanik Guau plataforman.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide