Eulen-Amenabar taldeko Aroa Gorostiza garaile, Lea Artibai Txallengean

Intza Trula 2026ko martxoaren 31

Eulen-Amenabar taldeko Gorostizu eta Urteaga, podiumean. (Eulen-Amenabar)

Eulen-Amenabar emakumezkoen taldeak asteburu bikaina burutu du Lea Artibai Txallengean: etapa garaipen bat eta sailkapen nagusiko lehenengo eta bigarren postuak eskuratu dituzte.

Aroa Gorostizu Eulen-Amenabar taldeko txirrindularia nagusitu da asteburuan Lea Artibaiko Txallengean. Euskaldun Txapelketako hitzordu nagusia da, eta lehenengo aldiz sailkapen nagusian garaipena lortu du Eulen-Amenabar taldeak.

Lasterketa sentsazio bikainekin hasi zuten emakumezkoek, Lekeitioko (Bizkaia) atariko proban. Urteagak garaipena lortu zuen bertan, eta Gorostiza laugarren izan zen. Zazpigarren heldu zen Claudia San Justo. Emaitza on horiei esker, taldekako garaipena ere lortu zuten emakumezkoek. Bigarren etapan, lidergoa defendatzera eta sailkapen nagusiko aukerak bizirik mantentzera atera ziren talde zarauztarreko gazteak. Azken 15 kilometroetan, ihesaldiko azken txirrindularia harrapatu ezinik, Gorostizak kontra erasoa jo zuen. Lasterketa burura iristeko gai izan ez bazen ere, elorrioarra hirugarren postuan sailkatu zen, eta sailkapen nagusiko lidergoa eskuratu zuen.

Azken etapan, Markina-Xemeinen, sailkapen nagusiko lidergoa Gorostizarengan mantentzearen alde lana egin zuen talde osoak. Hasierako kilometroetan ihesaldi saiakera ugari izan ziren, eta behin Gontzagariganeko maldak hastean, Urteagak erasoa jo zuen lasterketa burua neutralizatu nahian. Ihesitako txirrindulariak harrapatzean galga lanak egin zituen zumaiarrak, eta atzetik Gorostiza iristean, zortzikote bat osatu zen lasterketa buruan. Sailkapen nagusiko lehenengo bi postuak bermatuta, sprintean Urteaga hirugarren izan zen, emaitza aparta borobilduz. Hortaz gain, Urteagak mendiko saria irabazi zuen, San Justok tarteko helmugak bereganatu zituen, eta Eulen-Amenabarrek taldekako sailkapena irabazi zuen.

Emakumezkoen emaitza positiboekin bat eginez Aiztondo Klasikoak gizonezkoen taldearen irudi ederra eskaini zuen. Talde nagusitik Igor Iriarte Sanz mantendu zen borrokan eta 14. postu bikain batean Larraulgo helmugara.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide