Espainiako Eskubaloi Federazioak Mediterraneoko Txapelketarako hautatuen zerrenda jakinarazi du, eta zerrenda horretan ageri da Markel Errasti ZKE eskubaloi taldeko jokalaria. Apirilaren 13tik 18ra jokatuko dute jubenil mailako txapelketa, Samorin herrian, Eslovakian. Bertan izango da Errasti ezker hegaleko jokalaria, hautatuak izan diren gainerako taldekideekin batera.
Hala, Espainiak lehen partida Greziaren aurka jokatuko du, apirilaren 13an. Hilaren 14an, berriz, jardunaldi bikoitza izango dute, Mazedoniaren eta Kosovoren aurka. Apirilaren 15ean Rumania izango dute aurrez aurre, eta 16an Montenegroren aurka neurtuko dituzte indarrak. Azken-bigarren neurketa apirilaren 17an izango da, Egiptoren aurka. Puntu gehien dituzten taldeek hilaren 18an, larunbatez, jokatuko dute final handia.
Pablo Larrumbide entrenatzailea izango da Espainiako selekzioa gidatzeko ardura izango duena, hain justu ere. Txapelketa aurreko kontzentrazioa noiz eta non egingo duten ere jakinarazi dute jada: Los Angeles de San Rafaelen (Segovia, Espainia) egingo dute, apirilaren 8tik aurrera.