Zein da bizitza aldatu zizun musika dokumentala?
Martin Scorseseren The Band taldearen inguruko The Last Waltz dokumentala. Nolabait ere, hori izan zen Rockumentalak! ekimenari hasiera eman zion arrazoi nagusietakoa.
Zer duzu nahiago rock dokumental bat zineman ikustea ala kontzertu bat areto batean?
Zalantzarik gabe, zuzeneko kontzertuak nahiago ditut, adrenalina gehiago transmititzen didatelako. Sentimendu aldetik indartsuagoak iruditzen zaizkit, baina dokumentalei ez diet inoiz ezetzik esaten.
Zein musikariren biopica filmatzea gustatuko litzaizuke?
Biopic bat baino nahiago dokumental bat, eta The Sadies taldeko Dallas Good liderrari buruz gustatuko litzateke. Ongi ezagutzen dugun pertsonaia da; Zarauztik ere pare bat aldiz igaro zen. Zergatik? Bada, musikari, gitarrista, frontman eta pertsona aparta delako. Uste dut gauza asko dituela erakusteko musika mailan.
Zein artista edo musika talderen biniloa jartzen duzu sarrien?
Bat esatekotan, Love taldearen Forever changes aipatuko nuke, rockaren historian ez ezik, musikaren historian lehenengo bost disko onenen artean sartzen delako, hainbat ezaugarrirengatik. Ezagutzen ez duenarentzat benetan gomendagarria da.
Oraindik zuzeneko batean ikusi ez duzun taldea eta zeure buruari barkatzen ez diozuna?
Nirvana taldea, eta arrazoi konkretu bategatik: 90eko hamarkadan, Madrilen bizi nintzela, hara joan ziren jotzera, baina nik justu hurrengo egunean azterketa bat neukanez, ez nintzen kontzertura joan. Nire lagun guztiak joan niren, ni izan ezik. Ardurei aurre eginez, etxean geratu nintzen ikasten. Kontzertu hura jo eta handik bi hilabetera Kurt Cobain hilda topatu zuten bere etxean, eta nire aukera guztiak uxatu egin ziren. Arantza bihotzean geratu zitzaidan.
Rockumentalak! jaialdia berreskuratuko bazenute, zein film eskainiko zenuke lehen emanaldian?
Galdera horrek tranpa du! Nik, pertsonalki, Metal: A Headbanger's Journey eskainiko nuke. Aurretik Rockumentala!-en eman genuen dokumentala da, baina arazo tekniko pila bat izan genituen eta oso bolumen baxuan eskaini genuenez, justizia egin behar zaio.