Gidabaimena atera dut duela gutxi, eta azterketa gainditutako pantaila argazkia bidaltzean, lagunei baten batek "benetako helduen modukoa" bihurtzen ari naizela esan zidan. Egun gutxi barrura arte bada ere, oraindik ez ditut hogei, eta bi hamarkada betetzearen atarian, ez nuke esango inondik inora "benetako helduen modukoa" bihurtzen ari naizenik, ez ditut egin txikitan hogei betetzerako egin nahi nituen zera guztiak; inondik inora, ez nago zerrenda hori gauzatzetik gertu. Ez naiz Australian oporretan izan, ez dut koala bat laztandu, ezta kanguro bat ere; ez naiz nire etxe propioan bizi, ez daukat limoiondo bat lorategian, izatez, ez dut limoiondorik, ezta lorategirik ere; ez naiz ari albaitaritza ikasten, eta guztiz zintzoa izatekotan, ez dakit ikasten ari naizena gustatzen zaidan ere.
Amets gehiegi nituen txikitan, dagoeneko onartu dut ez ditudala guztiak beteko, batzuk ezinezkoak izanagatik, besteak deus ez erakartzeagatik orain. Hala ere, badira zerrendan puntu bat edo beste bete nahi izanda ere, ez dakidanak gai izango ote naizen, oraindik hogei ez baditut ere, horiek betetzeko berandu noala eta denborarik gabe gelditzen ari naizela sentitzen baitut. Kontzeptu bitxia da denborarena. Batzuek ez dela existitzen diote, irudipen hutsa dela, eta biziki gustatzen zait teoria hori.
Alessandro Coppo eta bere ikerketa taldeak American Physical Society aldizkarian argitaratutako ikerlan batean dioenez, denbora ez da errealitatearen oinarrizko atal bat, mundu kuantikoan agertzen den fenomeno bat baizik, partikulak modu berezian lotu eta elkarri eragiteko moduagatik sortzen dena. Argudiatzen dute denbora ez dela errealitatea, baizik eta gure behatzaile ikusmenean sortzen den "ilusio" bat. Ikuspegi berdintsua partekatzen du Carlo Rovellik bere hainbat tesi eta artikulutan. Fisikari italiarraren hitzetan, fisikaren maila sakonenean ez dago "denbora" deitzen diogun parametro unibertsalik. Aldiz, gertakarien arteko erlazioek eta entropiaren norabideak sortzen dute denboraren esperientzia.
Existitzen ez den zerbaitek markatzen digu bizia, eta nolabaiteko neurgailua beharrezkoa litzatekeen arren, urte kopuruari itsuki erreparatzeak zentzu handiegirik ez duela ohartzen hasi berri naiz. Existitzen ez dena ezin da amaitu, hortaz, ezin inora berandu iritsi. Beraz, baliteke txikitako amets horientzat denborarik ez, baina ilusiorik geratzea oraindik ere; azken finean gauza bera omen dira.