Duela bi urte hartu zuen Julen Olazabalek Kirkilla Enea jatetxearen lekukoa. 40 urte baino gehiagoko historia du Santa Marina kalean kokatuta dagoen jatetxeak, eta urte hauetan milaka eta milaka lagunen sabelak bete dituzte han. Sorreratik, Romero Ameztoy eta Iñaki Olazabal izan dira proiektua aurrera atera dutenak. Bi jabeen erretiroaren ondoren, semeak hartu zuen ardura, eta bi urte pasatxo daramatza horretan.
Etxeko negozioaren lema orain gutxi hartu badu ere, esan daiteke hango sukaldean eta mahaien bueltan hazi eta hezitakoa dela Olazabal. Izan ere, umea zenetik ordu ugari pasa ditu bertan, gurasoak lanean ari ziren bitartean. "Sukaldetik gertuen zeuden mahaietara platerak eramaten uzten zidaten batzuetan", gogoratu du. Lanean, berriz, hamar urte daramatza, zortzi gurasoekin batera, eta azken biak jabe modura. Gurasoek eraikitakoari "jarraipena" ematen ari dela iritzi dio berak, eta hasiera berri honen balorazio "oso positiboa" egiten du.
"Etxean bezala" sentitzen da Olazabal Kirkillan, literalki. Izatez, Ameztoi-Alfaro familiaren etxea zen orain jatetxea dena, Olazabalen aiton-amonen etxea, alegia. "Gaur egun dagoen sukalde horixe amonaren sukaldea zen, bertan prestatzen zituen bere plater goxoak".
Olazabalen aitona gaztea zela zendu zen, eta amona beraiekin bizitzera joan zen orduan. Etxea hutsa zegoela ikusita, Olazabalen ama eta anaia jatetxe bat irekitzera animatu ziren, Kirkilla Enearen historiari hasiera emanez.
Gogoko tokian aldaparik ez
Asteburuetan eta jaiegunetan lan egitea eskatzen du sarri ostalaritzak, eta horrek atzera botatzen ditu ogibide horretan arituko liratekeen asko. Hori jakinda ere, Olazabalek ez du jatetxearekin jarraitzeko zalantzarik izan: "Niri ere beti gustatu izan zait parranda egitea eta asteburuetan ateratzea, baina gurasoek betidanik erakutsi didate denbora librea eta lana uztartzea posible dela, eta hori egiten saiatzen naiz".
Haren esanetan, egunero aurrera egiteko arrazoi nagusietako bat bezeroak dira: "Urte asko daramatzagu hemen, bezero gehienak lagunak ditugu, ia familiakoak dira, eta harreman horrek indarrak ematen ditu".