Emakumeok ezkutatzen ikasten dugun lehen odola ez da heriotzarena, bizitzarena baizik. Hilekoaren odola baimenik gabe agertzen da, bere orban eta usainarekin, gorputza gainazal garbia ez dela gogoraraziz. Une horretatik ikasten dugu badirela odol onargarriak eta baita odol lotsagarriak ere.
Zinemagintzan odola ikustera ohituta gaude, hainbat mota eta formatu ezberdinetan; baina galdetu iezaiozu zure buruari: ikusi al duzu inoiz hilekoaren odola modu errealista eta natural batean errepresentatua?
Bada, hori gertatu zitzaidan Gemma Blascoren La Furia filmarekin. Nire harridurarako, onerako, hasierako plano orotan protagonismoa du, ez da desagertzen, ez da garbitzen, ez da metafora eroso bihurtzen. Han dago, gorputzari itsatsita, bizitzari lotuta. Hilero emakumeok bisitatzen gaituen uholde gorri likatsua bezala, natural bezain saihestezin.
Hala ere, galderak berehala kolpatu zuen nire burua: nola da posible gizatiar egiten gaituen odol horrek, pelikuletan duen presentzia puntual eta eufemizatua normaltzat hartzea? Munduko biztanleriaren ehuneko berrogeita hamarrentzat ohikoa den prozesu hori pantailatik hain urrun egotea? Zergatik egiten zaigu deseroso edo lotsagarri?
Ezkutatzen dugunaren eta lotsagarria denaren inguruan hitz egiten digu Blascok bere filmean, hilekoa adibide soil bat izanik. Halaber, emakumearena ez da pantailan odolustua eta bortizki zeharkatua ikusten den gorputz bakarra. Zuzendariak, metafora gisa, txerri boda bat aurkezten digu, bere bertsio gordinenean; animaliaren gorputza lotuta ikus dezakegu, erdibitua, besteen beharrei eskainia odoletan, protagonistarena bezala. Sakrifikatua.
Emakumea izatea sakrifizio bat balitz, hilekoa litzateke horren oroigarri; isilean mina pairatzen dugunean, enbarazurik egin gabe odola botatzen ikasten dugunean, mina naturaltzat jasaten dugunean edo gure gorputza beste batzuei eskaintzen diegunean; desira, ugalketa edo zaintza direla helburu. Oro har, gure gorputzak hirugarren batzuen beharretara eskaintzen ditugunean.
La Furia-n aurkezten den ikuspuntua, gaur egun, oraindik, erreibindikatiboa eta beharrezkoa dela deritzot. Emakumearen inguruan estaltzen diren itzalei lotsagabe argia ematen zaie era naturalean, isiltasuna apurtuz, ezkutatzen denari beharrezko oihartzuna emanez. Azken finean, zineman emakumearen errepresentazioetan narratiba tradizionalen birdefinizioan beste aurrerapauso bat emanez.
Gure odola erdigunean ipiniz eta lotsak alde batera utziz. Beste gauza askoren artean, odolustea ere bada emakume izatea eta ez da batere lotsagarria.