Nahia Zarauzko Artisten Elkarteak "kolorez eta bizitzaz betetako" udaberriko azoka antolatu du, hamargarren urtez. Bihar eta etzi, apirilaren 2an eta 3an, egongo da zabalik, Lege Zaharren Enparantzan.
Azokaren ordutegia 10:30etik 20:00etara izango da, eta 25 postuz osatuta egongo da. Hori horrela, herritarrek bi egunez artisauak zein beraien proiektuak gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Urtero bezala, bertaratzen direnek eskuz egindako produktu ugari eskuratu ahal izango dituzte; hala nola ilustrazioak, egur-lanak, bitxiak eta produktu naturalak.
Erosleen artean, gainera, Nahiak Kirkilla jatetxean bi pertsonentzako otordua zozkatuko duela jakinarazi du.
Azokaren kartela Iban Illarramendi artista zarauztarrak sortu du, eta antolatzaileen esanetan, irudiak "bikain" islatzen du azokaren espiritua. Nahiak gehitu du azokaren helburua dela "sormena babestea eta balioan jartzea".