2026ko Argazki Bilera, bihartik aurrera zabalik

Intza Trula 2026ko martxoaren 30a

Juan Luis Zufiria zarauztarraren 'Argiak eta ilunak' erakusketako pieza bat. (Utzitakoa)

Photomuseum argazki eta zinema museoak lau erakusketa prestatu ditu aurtengo Argazki Bileraren barruan, eta horietako bat Juan Luis Zifiria zarauztarrarena da. Ekainera bitartean izango da horiek bisitatzeko aukera Photomuseumen, Sanz Enean eta Torre Luzean.

Udaberriari hasiera emanda, Photomuseum prest dago 2026ko Argazki Bilerari ekiteko: bihar abiatuko du egitasmoa, hain justu ere. Orotara, lau erakusketa ikusteko aukera izango da aurtengo edizioan, eta horiek Photomuseumen, Sanz Enean eta Torre Luzean egongo dira, ekainera bitartean.

Bihartik hasi eta maiatzaren 3ra arte, Eraztun berdea. Ikusmira ezberdinen elkargunea izeneko mostra zabalduko dute Photomuseumen. Kolaborazio proiektu bat da, taldean osatua. David Salcedo argazkilariak zuzendu zuen narratiba bisualari buruzko tailer batean oinarrituta dago.

Halaber, maiatzaren 24ra bitartean, Muittu. Euskal Animazioa 1980-2004 izeneko erakusketa bisitatu ahal izango da Sanz Enean. Egun horretara arte, baita ere, Juan Luis Zufiria zarauztarraren Argiak eta ilunak argazki-proiektua egongo da Torre Luzean.

Azken erakusketa maiatzaren 5etik ekainaren 7ra egongo da zabalik: Atzemandako materiatik eraikitako irudira. Sonia Murugarrenen lan pertsonal eta artistikoa da.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide