Gaur goizean iritsi da 24. Korrikaren lekukoa Bilbora, eta San Mames futbol estadiora iritsi denean, AEK-ko antolatzaileek Athleticeko ikur eta legenda den Jose Anjel Iribar atezain ohi zarauztarrari omenaldi berezia egin diote. Euskararen aldeko egitasmoaren edizio guztietan parte hartu du Iribarrek, eta bere konpromisoa aitortu nahi izan diote.
Hori horrela, lekukoa zarauztarraren eskuetara iritsi denean, estadioaren kanpoaldean zain zeuden guztiek txalo artean hartu dute eta AEK-ko koordinatzaile Ane Elordiren eskutik oroigarria eta hasieretako Korrikako bere erretratu bat jaso du oroigarri. Jarraian, metro batzuk egin ditu lasterketa, eta hurrengoari pasa dio lekukoa, martxak aurrera jarrai dezan.