Kirol Herri banakako aizkora eta harri jasotze txapelketetako finalak jokatuko dituzte gaur, 19:00etatik aurrera, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. "Maila handiko finala" izango dela adierazi du txapelketaren antolatzailea den Sustraia kirol ekitaldiak elkarteak: "Aizkolari eta harri jasotzaile onenak izango dira, tradizioa, ikuskizuna eta goi mailako lehia uztartuko dituen hitzordu berezi batean".
Harri jasotzaileen artean, bi zarauztar ariko dira nor baino nor lehian: Ainitze Zumeta eta Mikel Lopetegi Urra, hain zuzen ere. Emakumezkoetan, Malen Morandeira urnietarra eta Ane Antxutegi usansolotarra izango ditu aurkari Zumetak; gizonezkoetan, Gari Garmendia idiazabaldarraren eta Beñat Telleria lasartearraren aurka lehiatuko da Urra.