Asteburu honetan udako ordu aldaketa egingo da, eta, horren harira, beste urte batez, Zarauzko Udalak bat egingo du Planetaren ordua ekimenarekin. Hori hala, herriko eraikin nagusienetako batzuk euren argiak ordubetez itzaliko dituzte bihar iluntzean; hau da, Andra Maria Zeruratzearen parrokia, Portuetxe eta Sanz Enea kultur etxea amatatuta egongo dira 20:30etik 21:30era. Era berean, itzalaldian parte hartzeko deia egin die udalak herritarrei.
2007an Sidneyn (Australia) abiatu zuten Planetaren ordua, Adena WWF elkarteak bultzatuta, gure planetaren aldeko klima aldaketaren aurkako kanpaina global gisa. Aipatu elkarteak etxeetako eta eraikin enblematikoetako argiak ordubetez mundu osoan itzaltzea proposatzen du, eta herrialde asko dira egitasmora batzen direnak, dela norbanako, dela erakunde, dela enpresa, beren etxebizitzetako eta eraikinetako argiak itzaliz.