Sagardo Eguna ospatuko dute igande honetan Lege Zaharren Enparantzan, Zurekin Zarauzko ostalarien elkarteak antolatuta; berez, urtarrilaren amaieran egitekoak ziren, baina eguraldi txarraren eraginez, bi hilabetez atzeratu dute egitasmoa. Aurten, zortzi upategik parte hartuko dute hitzorduan, 12:00etatik 14:00etara.
Honako hauek izango dira parte hartuko duten upategiak, denak Gipuzkoakoak: Aburuza (Aduna), Altuna (Urnieta), Ekain (Zestoa), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Satxota (Aia) eta Urdaira (Usurbil). Edaria ez ezik, jateko aukera ere izango da, Euskal Parrillak txuleta pintxoak salduko baititu jaiak irauten duen bitartean.
Txartelaren prezioa pasa den urteko bera izango da; hau da, 12 euro ordainduta txuleta pintxoa eta kopa emango dituzte, sagardogile guztien produktuak dastatu ahal izateko. Halaber, txuleta pintxoa soilik nahi dutenek 4 euro ordaindu beharko dituzte. Berrerabilpena sustatze aldera, kopa itzultzen duenari 2 euro itzuliko dizkiote.
Goiz osoan, gainera, bertsolariek jardungo dute abesten, eta dantzariak eta txistulariak ere ariko dira plaza alaitzen.
Zurekin elkarteak Sagardo Eguna baliatzen du urtero ostalaritzaren munduan buru-belarri lanean dabilen herriko norbait omentzeko, eta aurten ez da gutxiagorako izango. Euskalduna tabernako Felix Bordari eta Marian Dulantori aitortza egingo diote, "sektorean egindako lan guztiagatik". Duela urtebete hartu zuten erretiroa, 25 urteko ibilbide oparoaren ostean. Iaz Alai kafetegiko Helena Pedrosa eta Iñigo Intxauspe omendu zituzten.