Ibaien Aldeko Ekintzen Nazioarteko Egunaren bat eginez, auzolana egiteko deialdia egin du Eraztun Berde Urdinak. Zehazki, larunbatean, hilaren 28an, Igerain errekan landare exotiko inbaditzaileak kenduko dituzte, baita bertan egon daitekeen zaborra bildu ere.
EBUren esanetan, proiektu honen helburu nagusia da "Zarauzko ingurune naturala zaintzea, herritarren inplikazioa sustatuz". Halaber, EBUko ardunaradun Gloria Vazquezek dio tokiko biodibertsitatea eta udalerriko ekosistemen "garrantzia ezagutarazi" nahi dutela, "ezagutzen eta baloratzen dena soilik babesten denaren ideiatik abiatuta".
Larunbateko jarduerak 2024an abiatutako ekimenari ematen dio jarraipena. Izan ere, duela bi urte, herriko gazte talde batekin elkarlanean, hondakinak eskuz bildu zituzten bertan, eta zuhaitzak ere landatu zituzten. Aurten, helburua da natura gune hori berreskuratzen jarraitzea. Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendik dei egin die herritarrei jardueran parte hartzera, ondorengo mezuarekin: "Ibaiak zaintzea funtsezkoa da biodibertsitatea babesteko, uraren kalitatea hobetzeko eta gune horiek komunitate osoaren topaleku eta gozagarri izateko. Ekintza txikiek, hala nola espezie inbaditzaileak kentzeak edo hondakinak biltzeak, zuzenean laguntzen dute ibai-ekosistemen osasunean".
Hitzordua eta izen ematea
Hala, EBUk jakinarazi du parte hartzaileak 10:00etan anbulatorioaren ondoko biribilgunera agertu beharko dutela, ondoren jarduera egitera joateko. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbide elektronikora idatzita edo 943-00 51 09 telefonora deituta.
Gainera, EBUk esan du jardunaldiarekin bat egin nahi dutenek oinetako egokiekin (katiuskak edo antzekoak), arropa erosoekin joan behar dutela. Gainerako materiala antolakuntzak emango du.