Herritar oldea Zarautzen, euskararen alde

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 25a

Ehundaka zarauztar batu da gaur arratsaldean 24. Korrikara, Zarauztik barrena igaro denean. Herriko eragileek eskuz esku eraman dute lekukoa, eta une hunkigarriak bizi izan dira kilometroz kilometro.

Ordu erdi inguruko atzerapenarekin, baina olatu baten indarrarekin sartu da 24. Korrika herrira. Oriotik iritsi da 16:20 aldera, eta Euskara gara lelopean, ehundaka zarauztarrek eman diote segida euskararen aldeko egitasmoari, une hunkigarriak eta bereziak utziz. Aurretik, herriko eragileek eskuz esku eraman dute lekukoa, erantzukinez eta harrotasunez, igandean Bilbora iritsiko den mezuarekin.

Guztira, 25 kilometro zati osatu ditu Korrikak Zarautzen. Orio gainetik behera, San Pelaioko biribilgunetik Irita aldera jo du, handik Araba kalea osorik zeharkatzeko. Urdaneta kaletik Bizkaia kalerantz hartu dute lasterkari oldeak, San Inaziotik Kale Nagusira hartzeko. Gipuzkoa kalearen erdia osatu ondoren, Nafarroa kalea alderik alde hartu du martxak. Tipi-tapa, euskararen alde, emozioz beteta eta aldarri eginez, herria atzea uzten joan da Getaria alderantz hartzeko bidea, eta lekukoa bizilagunei pasatzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide