Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen Zarauzko egoitzak itxura berria du

Mireia Galarza Bastida 2026ko martxoaren 25a

Egoitza berritzearen helburua da pazienteei nahiz haien senideei babesa ematen jarraitzea eta komunitatearen zein gizartearen zerbitzura dagoen ingurune bat bermatzea, besteak beste. 

Ordezkari politiko eta elkarteko hainbat eta hainbat kideren aurrean, gaur aurkeztu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak Zarauzko egoitzaren birmoldaketa. Aurkezpenean azaldu dutenez, "eraldaketaren helburu nagusia minbizia duten pertsonei eta haien senideei arreta humanizatuagoa eta hurbilagoa eskaintzea da", baita "komunitatea indartzea" ere. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Bakartxo Salvet elkarteko Urola Kostako boluntarioa, Katty Nevado Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko koordinatzailea eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea ere. Bertaratu direnek egoitza birmoldatutik bisitatzeko aukera ere izan dute. 

Salvet elkarteko boluntarioa da duela bost urtetik, eta Zarauzko egoitza "topaketa, entzute eta babes gune" bezala definitu du, minbizia duten nahiz euren familiek "konpainia" aurkitzen duten leku moduan, baita informazioa eta kontsolamendua ere. "Elkarte honetan boluntario garenok egunero-egunero ikusten dugu zer esan nahi duen besoa luzatzea laguntza behar duen norbaiti, eta jabetzen gara laguntza horrek nolako onura suposatzen duten pertsona horiengan". Horregatik, "denentzako etxe" moduan definitzen du Salvetek Zarauzko egoitza. Birmoldaketa helburu horretatik sortu dela gaineratu du, "hobeto zaintzen jarraitzeko, espazio hurbilago, gizartiarrago eta irisgarriago" baten bitartez. "Zarautz eta Urola Kosta beti izan dira elkartasunaren adibide, eta hori herritarren etengabeko babesean ikusten dugu, ez bakarrik Zarautzen, Urola Kosta osatzen duten gainontzeko herrietan ere bai. Ekimen solidario bat egiten dugun bakoitzean jasotzen dugun erantzuna oso positiboa izaten da", esan du Salvetek. Birmoldaketa aurrera begira egindako urrats moduan definitu dute, "ilusio berrituarekin eta espazioak betetzen, laguntzen eta itxaropena bultzatzen duen lekua izaten jarraituko dutela sinetsita". 

Txurrukak, bere aldetik, "egun pozgarritzat" definitu du gaurkoa Urola Kostako ordezkari politiko direnentzat. "Laguntza eta babes osoa" eskaini nahi izan dizkio alkateak elkarteari, horiek egiten duten lana "asko eta garrantzitsua" dela argudiatuta. "Laguntzen zaituztegu zuek, azpiegituretatik haratago ere laguntzen duzuelako, eta zer gutxiago gaurko ekitaldia gure konpromisoa berresteko", gehitu du Txurrukak. Birmoldaketa "pauso handi" moduan ulertzen du Zarauzko alkateak, "egoitza berritzeak egonkortasuna eta lasaitasuna" ekartzen diolako ez bakarrik elkarteari, baizik eta erabiltzaile nahiz inguruko herri guztiei ere. "Zuen betiko egoitzan zaudete, jendeak badaki non zaudeten, eta gu ere hor egongo gara zuentzat, orain arte bezala", nabarmendu du. Izan ere, obrek iraun duten bitartean zerbitzua Udaltzaingoaren egoitza zaharrean eskaini ahal izan du elkarteak behin-behinekoz.

Hainbat datu 

Nevadok ere jendaurrean hitz egin du gaurkoan, eta bere esanetan, egoitza berrituak "elkartean konpromisoa indartzen du, jendearen beharretara hobeto egokitzea ahalbidetuko duelako espazioak". Gaixotasunaren inguruko hainbat datu ere eman ditu espazio berriaren garrantzia azpimarratzeko. Haren esanetan, egun "etengabeko bilakaeran" dagoen gaixotasuna da minbizia, Gipuzkoan 4.000 minbizi kasu berri inguru diagnostikatzen direlako urtean. Nevadok azaldu duenez, beren bizitzan zehar, bi gizonetatik batek eta hiru emakumetatik batek minbizia garatuko dutela aurreikusten da azken datuen arabera. Era berean, gaixotasunak "askotariko profil eta errealitate sozialak" dituzten pertsonei eragiten diela gehitu du, eta, beraz, gizarteak "ikuspegi berriak, zabalagoak eta gizatiarragoak" eskatzen dituela erantzun gisa, "prebentzioaren, laguntzaren eta komunitatearen inguruan kokatzen direnak". Testuinguru honetan, Euskadiko Plan Onkologiko berriak "aldaketa handia" ekarri duela kontatu du Nevadok: "Ikuspegi komunitarioari balioa eman, lurraldeko eragile guztiak inplikatu eta prebentzioaren, ikerketaren eta berrikuntzaren garrantzia nabarmendu du plan horrek".

Horrekin lotuta, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak lurraldean "erreferentziazko eragile" izatea du helburu, paziente eta haien senideentzat "babes eta laguntza gune" bihurtuta eta baita sistemaren eta gizartearen zerbitzura dagoen baliabide komunitario bat bezala ere. "Horiengandik guztiengandik gertu egonda, entzuten, laguntzen, baliabideak konektatzen eta komunitatea sortzen egon nahi dugu", dio azpeitiarrak.

Aldi berean, egoitzaren berritzea minbizia duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko "humanizazioaren" testuinguruan kokatu du Nevadok, "pazienteak eta haien senideak erdigunean kokatuta eta prozesu onkologiko bat igarotzen ari diren horiei entzunda, horien behar fisiko, emozional eta sozialetara egokituz". Hori lortzeko, espazio berrituan banakako arretarako bi gela -pribatutasuna eta laguntza profesionala eta hurbila bermatzeko pentsatuak-, bilera eta jarduera gela bat -tailerrak, hitzaldiak eta talde terapiarako balioko dutenak- eta modu transbertsalean lan egin ahal izateko espazio bat egokitu dituzte. "Honek guztiak, pertsona gehiagorengana iritsi eta eskualdeko gero eta paziente eta senide gehiagori doako arreta ematen jarraitzeko helburua du", esan du Nevadok. 

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak 15 urte daramatza Urola Kostan paziente eta haien senideei laguntza emateko lanean. Elkarteak eskualdeko bi udalerritan ditu egoitzak: Zarautzen (Balea Kalea, 2) eta Azpeitian (Enparan kalea, 6). 2025ean zehar 129 pertsona izan dira Elkarteak eskaintzen dituen doako zerbitzuen onuradunak. Gainera, arreta psikologikoko 460 saio eta arreta sozialeko 289 saio egin dituzte eta, era berean, material ortopedikoaren 17 mailegu egin dira. Gaur egun, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak Urola Kostan 1.499 bazkide eta 65 boluntario ditu, eta horien konpromisoari esker eskualdean zehar ekintza desberdinak egiten dituzte.   

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide