Zarauzko Udaleko Kultura sailak jakinarazi ditu datozen hilabeteetarako antolatu dituen antzerki zein dantza emanaldiak. Hiru ikuskizun izango dira guztira apirilean eta maiatzean: Xomorrotxoak eta Klera antzezlanak, eta Lana izeneko dantza emanaldia, hain zuzen ere. Sarrerak, berriz, apirilaren 10ean jarriko dituzte salgai.
Angel Calvente zuzendariaren komedia lana da Xomorrotxoak, familia osoari zuzendutakoa. Apirilaren 10ean eskainiko dute, 16:45ean hasita. Antzerki dokumental formatuan, gure bizilagun ornogabe txikiak hobeto ezagutu eta haiek errespetatzen eta baloratzen ikasiko da. Antzezlanaren koloreak eta erritmoak harridura sortzen du eta, gainera, ingurumena zaintzearen garrantzia erakusten die haurrei.
Bigarren hitzordua apirilaren 24an izango da, 20:00etan: Lana. Lana, arrakasta, balioa edo estatusa bezalako kontzeptuekin lotzen dugu. Garrantzitsua edo ezinbestekoa izatearen sentsazioa liluragarria da; baina hain arrakastatsua bazara, zergatik jarraitzen duzu astean 40 ordutik gora lanean? Lanak denok harrapatuta gaituen lan-kultura obsesiboa islatuko du, txikitatik eta ia heriotzaraino irauten duen tranpa. Horixe erakutsi nahi du dantza emanaldiak, Osa+ Mujikaren iraupen luzeko bosgarren obrak, bost interpretek taularatua.
Maiatzaren 31n, berriz, Klera antzezlanaz gozatu ahal izango da, 16:45ean. Jon Mayaren ideia batetik abiatuta, lengoaia artistiko ezberdinak koaderno batean biltzen ditu Klerak. Literatura, ilustrazioa, musika eta dantza ditu espresio bide, eta koaderno gisako argitalpen batean adierazpen artistiko horiek bildu, eta, artearen poetikotasunetik, gerraren ondorioei buruz gogoeta egitera gonbidatzen gaitu. Leire Bilbaoren testuak eta June San Sebastianen ilustrazioek Maite Larbururen musika eta Kukai Dantzaren koreografiak izango dituzte lagun.