Zarautzen jokatuko dituzte Euskotren Ligaren azken estropadak, abuztuaren 22an eta 23an

Maddi Txintxurreta 2026ko martxoaren 21a

ZAEko nesken trainerua, Zarautzen. (Juan Luis Romatet)

ACTko bazkideen erabakiz, Zarauzko Ikurrinak emango dio amaiera Euskotren Ligari abuztuaren 22an eta 23an. Madrilgo Erkidegoko Buitrago del Lozoya herrian jokatuko dituzte, ekainaren 28an, Eusko Label zein Euskotren ligetako denboraldiko lehenengo estropadak.

Zarauzko Ikurrinak emango dio amaiera Euskotren Ligari abuztuaren 22an eta 23an, jardunaldi bikoitzarekin. Hala erabaki dute ACTko bazkideek gaur, larunbata, Orion egin duten urteko hirugarren batzarrean.

2026ko arraun denboraldiaren egutegia zehaztu dute Orion egindako batzarrean, eta zehaztu dute Madrilgo Erkidegoko Buitrago del Lozoya herrian jokatuko dituztela Eusko Label zein Euskotren ligen 2026ko denboraldia abiatuko duten estropadak. 

Eusko Label Ligan lehiatuko diren Orioko eta Getariako gizonezko arraunlariak, nahiz Euskotren Ligan ariko diren Orioko eta Zumaiako emakumeak  Bandera Pueblos con Vida Comunidad de Madrid – Canal Isabel II estropadan uretaratuko dira aurten estreinakoz, Buitrago de Lozoyako Riosequillo urtegian. Estropada binakako erlojupeko formatuan jokatuko dute; 6 luze eta 5 ziaboga egingo dituzte gizonezkoek, eta 4 luze eta 3 ziaboga emakumeek.

Bi ligak uztaileko lehen asteburuan iritsiko dira Euskal Herrira, Bizkaiara zehazki, hilaren 4ean eta 5ean Bilboko nahiz Zierbenako jokatuko dituzten jardunaldiekin. Hurrengo asteburuko larunbatean eskifaiek CaixaBank Bandera jokatuko dute Castro-Urdialesen (Kantabria, Espainia) eta uztailaren 12an Orion lehiatuko dira.

Eusko Label eta Euskotren ligak uztailaren 18an eta 19an joango dira lehen aldiz Galiziara. Larunbatean Chapela igoberriaren etxean jokatuko dute, eta igandean Bueuk anfitrioi lanak egingo ditu.

Euskotren Ligari Zarauzko Ikurrinak emango dio amaiera abuztuaren 22an eta 23an, jardunaldi bikoitzarekin. Bestalde, Eusko Label Ligako traineruak abuztuaren 29an eta 30ean lehiatuko dira bigarrenez Galizian, Boiron eta Aresen, hurrenez hurren. Play Offeko bi jardunaldiak eta Eusko Label Ligaren amaiera irailaren 19an eta 20an jokatuko dituzte Bermeon eta Portugaleten (Bizkaia).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide